Andrea Mattevi, Dimitri Timofeev eta Elvira Garifzyanova, 2022ko EHTE Txiturako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako sarituak

Nikodem Kluczhynskik jaso du epaimahaiaren aipamen berezia.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak beste urte batez antolatu du EHTE, Txisturako Konposizio Lehiaketa. Aurtengoa urte oparoa izan da aipatutako lehiaketa honentzat, izan ere, 30 herrialde desberdinetako 79 konpositoreren obrak jaso dira, orain arteko pieza kopururik handiena.

Atzo, abenduaren 11n, arratsaldeko 20.00etan ospatu zuen Lezoko Gezala Auditoriumen sari banaketa- kontzertu ekitaldia. Bertan, 2017ko lehiaketaren ediziora aurkeztu Urtzi Iraizozen Uztail, Aitor Bartoloméren Txori Soinuak eta Xabier Otaolearen Historia de la Caverna interpretatu ziren, Aitor Urkiza, Xabier Olazabal, Alfonso Iturria, Ainara Martinez eta Aingeru Otxotorenaren eskutik; 2018ko lehiaketa honen edizioan lehen saria jaso zuen Francisco Domínguezen Actually not obra entzun ahal izan zen, Jon Ansorena eta Xabier Calzadak interpretatuta; eta, azkenik, 2021 EHTE Konposizio lehiaketan sarituak izan ziren bi obrak estreinatu ziren: Evis Sammoutis konpositore txipretarraren Cellulae Trio Zukanen eskutik (Jon Ansorena, Gorka Catediano eta Maria Zubimendi) eta Simone Corti konpositorearen Passacaglia Maddi Arana, Juan Emme, Gorka Catediano, Xabier Calzada, Peio Irigoien eta Maria Zubimendik osatutako seikotearen eskutik.

Ekitaldiari amaiera emateko, EHTE 2022 Konposizio Lehiaketako sarituak zeintzuk izan diren iragarri zen:

  • 2000 euroko saria eta seikoterako obra bat idazteko enkargua Andrea Mattevi konpositorearentzat.
Andrea Mattevi.
  • 1500 euroko saria eta hiru txistu eta perkusiorako pieza berri bat idazteko enkargua Dimitri Timofeev konpositorearentzat.
Dimitri Timofeev.
  • 1500 euroko saria eta Trio Zukanentzat obra berri bat idazteko enkargua Elvira Garifzyanova sortzailearentzat (sari hau Trio Zukanek babestua dago).
Elvira Garifzyanova.
  • Epaimahaiaren aipamen berezia Nikodem Kluczynskirentzat (ordaindu gabeko saria).
Nikodem Kluczynski.

Lehiaketa honen 2022 edizioko epaimahaia hurrengo pertsonek osatu dute: Hugo Morales (konpositorea), Jagoba Astiazaran (konpositorea eta txistularia) eta Maria Zubimendi (Trio Zukaneko akordeoilaria eta ordezkaria epaimahai honetan). Epaimahaikideek jasotako obren kalitatea nabarmendu dute.