- Donostiako Udalaren txistulari taldeak iganderoko kontzertu denboraldia hasiko du urriaren 3an.
- Osasun egoera guztiz normala ez den bitartean Santa Maria Basilikan mantenduko dira kontzertuak, iaz bezala. Igandero-igandero 12:30ean hasiko dira eta sarrera doan izango da edukiera bete arte.
Udazkenarekin batera, Donostiako Udalaren txistulari taldeak igandero eskaintzen dituen kontzertu denboraldia datorren urriaren 3an hasiko du. Astero, euskal txistularien tradiziozko doinuei eskainiriko kontzertuan dantza, kantu, biribilketa edota obrak entzuteko aukera izango da; hiru zuloko euskal txirulak jo ditzaken tankera guztietako musikak eskainiko ditu udal taldeak. Oraindik osasun egoera erabat ziurra ez denez, Santa Maria Basilikako koru azpian ospatuko dira kontzertuak, 12.30etatik aurrera igandero-igandero.
Euskal kulturak bere hiru zuloko instrumentuari atera dion eta gaur egun ere ateratzen dion etekina erakusteko erakunderik egokiena da zalantzarik gabe Donostiako Udalaren Txistulari Taldea, seguruenez, baita Euskal Herriko garrantzitsuena ere. Juan Ignacio de Iztueta folkloristaren testigantzari esker, badakigu Donostiakoak kalitate handiko txistulariak izan direla XIX. mendeaz geroztik behinik behin.
Bere jardunen artean, hiria kontzertuz hornitzea dute txistulariek eta lan horretan urritik uztaila amaierara bitartean kontzertu-denboraldia eskainiko dute igandero-igandero, datorren urriaren 3an hasita, Santa Maria Basilikan. Horien sarrera doan izango da edukiera bete arte.