Pirinioak Txistuka 2021

Pirinioak Txistuka 2021 Kartela

Aurtengo udan zehar Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Nafarroako taldeak Pirinioak Txistuka txistu-kontzertu zikloa arrakastaz burutu du. Zikloa Nafarroako Pirinioetako hamar herritan gauzatu da bertako herrietako talde zein erakundeekin eta “Gu Pirinioak” kolektiboarekin batera elkarlanean.

Otsagabian, Bizkarreta-Gerendiain, Burgin, Zilbetin, Auritzen, Uztarrotzen, Aurizberrin, Uritz eta Erremendia zein Artziko zelaietan, uztailean, abuztuan eta irailean burutu diren hamar kontzertuetan ehundaka ikusle-entzule izan dira.

Ekimen honek, Pirinioetako Mahaiak “Pirinioetako Plangintza” delakoan jasotako helburuekin bat egin du, Pirinioetako haran ezberdinen artean egitarau mankomunatuak martxan jartzeko helburuarekin bat egiten duelako hain zuzen ere. Gainera, Innova Cultural eta Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du.

Elkarteko Nafarroako ordezkaria den Patxi Rodriguezen hitzetan “Musika-ziklo hau irauteko ilusioz sortu da”. Berak esana, “Ziklo honetan jendearen parte-hartzeak txistuak maila altuko ikuskizun gisa lor dezakeen tokia erakustea lortu du”.