Joan den larunbatean, martxoak 25ean, Legazpin bertako Goiz-Deia Txistulari Taldeak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatutako 2023ko TXISTU EGUNA ospatu genuen.
Ekitaldiak goizeko bederatzietan hasi ziren Euskal Herri osotik etorritako txistulariak elkartuz; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako txistulariak elkartu ziren, 90 txistulari inguru. Denak elkartu ondoren dianak jo ziren Legazpiko kaleetan zehar.
Goizeko 10:00ean, aurreikusita bezala, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen urteko ohiko batzarra egin zen. Aurreko urteko akta, 2022ko jardueren balantzea eta 2023ko jardueren aurkezpena, aldizkaria argitaratzeko egitura proposamena, txosten ekonomikoa (2022ko balantzea, 2023rako aurrekontua), zuzendaritza berritzea eta Elkartearen domina eskaintzak eztabaidatu eta onartu ziren besteak beste. 63 bazkide izan ziren batzarrean (61 bertan eta beste eskuetan utzitako 2 boto, guztira 63 beraz).
Batzarraren ondotik Goiz Deia Txistulari Taldeak eta Legazpiko Udalak hamaiketakoa eskaini zien txistulari guztiei. Hamaiketako goxoa egin eta Udaletxera. Udaletxean, Legazpiko alkatea den Koldobike Olabidek eta kultura zinegotzia den Iñigo Imazek, ongi etorri hitzak eta opariak eskaini zituzten eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen izenean lehendakaria den Ekain Basterretxeak laguntza guztia eta harrera ezin hobea egin izana eskertu eta opari bat ere eman zien Udalaren ordezkariei. Hitz eta oparien trukearen ondotik Goiz Deia Txistulari Taldeko txistulariek Juan Carlos Santa Colomaren “Oroitzapena” doinua jo zuten eta dantzari batek bertaratutakoei eta agintariei agurra eskaini zien.
Ondotik Euskal Herria Plazan, Udaletxearen aurrean, txistulari guztiek kontzertua eskaini zuten: Behin betiko, Eusko baltsa, Otaño bertsolaria, Behin Batean Loiolan, Lexearena, Jatorra baltsa, Legazpi zortzikoa eta Legazpi biribilketa interpretatu ziren. Ekitaldi honetan aipatzekoa da ere Legazpiko Erraldoiek eman zuten dantza errezitaldia, ederra benetan. Eta ondotik erraldoiak aurretik eta atzetik babestuta txistulari guztiak kalejiran bazkaltzera joan ziren.
Adiskidetasun-bazkarian 82 lagun elkartu ziren eta giroa aparta izan zen Aitxuri jatetxean. Bazkari oparoaren ondotik txistulariak animatzen hasi ziren eta txistua jotzen ere bai, Garikoitz Mendizabal izan zen lehena, ondotik Jose Ignazio Ansorena, Xabier Muñoz Otaegi, Aitor Arozena eta Agustin Laskurainen txanda izan zen. Hauen ondotik Goiz Deia taldeko lagunen musikarekin gozatu genuen eta ondotik Jesus Mayor eta Gotzon Osinaga ere animatu ziren. Bukatzeko txistulari guztien artean ere hainbat pieza eta kanta ezagun ere interpretatu ziren. Dantzari bat ere izan genuen eta hiru pieza bikain dantzatu zituen.
Arratsaldeko sei terdiak aldera egun pasa zoragarria egin ondoren bukatu zen “Txistu Eguna 2023″ko egitaraua. Eguraldia lagun, egun ederra benetan.