Joan den larunbatean ospatu zen Hernaniko Milagrosa kaperan XV. Txistulari Gazteen Txapelketa.
Txapelketan parte hartzeak sortzen zuen urduritasuna aski ez eta beste ezeren aurretik zozketa egin zuten gazteek ze ordenetan joko zuten erabakitzeko. Horri jarraitu zion txapelketak.
Epai mahaia osatzen zuten Garikoitz Mendizabal, Haritz Ezeiza eta Roberto Pachecok arkatzak eta belarriak zorroztu zituzten eta haien aurretik pasako ziren gazteen soinuak adi entzuteko prest jarri ziren. Jon Ansorena izan zen oraingoan idazkaria.
Txandaka, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik iritsi ziren 24 neska-mutilek jo zuten gerturatu ziren entzule guztien atseginerako. 14 bakarlari aritu ziren 12 urte arteko sailean eta gainontzekoak 13 eta 16 urte artekoenean aritu ziren.
Goizeko lanak bukatu ondoren bazkaldu egin zuten Santa Barbara elkartean. Ondoren, txistulari gazteek lasaixeago egoteko aukera izan zuten epai mahaikideek lanean jarraitu behar izan zuten bitartean.
Arratsaldean sarituak izan zirenen izenak ezagutzeko ordua iritsi zen. Iruñeko, Durangoko eta Hernaniko txistulari laukote gazteek eman zuten Txistulari Gazteen Kontzertuan banatu ziren sari horiek.
Gazteenen sailean, 12 urte artekoenean, Aitor Ripa iruritarra izan zen txapelduna, bere ondoan Eneko Irazoki iruritarra eta Katalin Etxebarria bilbotarra saritu zituztelarik. 13 eta 16 urte artekoen sailean, berriz, epai mahaiak Janitz Enparantza donostiarrari eman zion txapela, Izar Imbuluzqueta orkoiendarra bigarren eta Imanol Liendro bilbotarra hirugarren aukeratu zituelarik.
- +34 943 528 613
- txistulari@txistulari.eus