Durangaldeko txistulariok gure sinboloetako bat galdu dugu. Berrizko Sarrimendi tontorrean postontziaren buru zen eskultura desagertu egin da gauetik goizera. Altzairu herdoilgaitzez zizelkatutako irudia mendi honen gailurrean zegoen, 604 metroko altueran, duela hiru hamarkada baino gehiagotik. Josu Maortua zaldibartarrak instalatu zuen 1990ean, Alejandro Aldekoa txistulari ospetsuaren eta eskola-kirolaren omenez. Juan Antonio Aroma txistulari durangarrak argitaratutako Txistu hotsak Durangaldean liburuaren azala ere izan zen.
1990eko maiatzaren 27an jarri zuen Josu Maortua eskultore zaldibartarrak eta 2022ko urtarrileko 2. astean, norbaitek txistulariari hankak moztu eta eraman egin zuen. Irudiak, 30 zentimetroko altuera eta kilo erdiko pisua zeukan.
Baliteke etxeren baten, telebista gaineko apalen bat apaintzen egotea edo txatarra bezala erabiltzea txistulariaren eskultura, berdin zaigu! Txistulariok, Alejandro txistulari handiaren omenezko lana lehenbailehen bere lekura itzultzea exijitzen dugu! Oroimena eta artea errespetatu egin behar dira!
Eleder Iturrieta Zugadi
Txistularia