Konposizio lehiaketako sari-banaketa

Joan den otsailaren 13an, Donostiako Santa Maria Basilikan, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Txisturako Konposizio Lehiaketa 2021eko sarien banaketa izan zen.

Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak igandero eman ohi duen kontzertuan Marijose Gaztelumendik, EHTEren Gipuzkoako ordezkaria Zuzendaritza Batzordean, irakurri zuen epai-mahaiaren erabakia agertzen duen akta.

Marijose Gaztelumendi Txisturako Konposizio Lehiaketako epai-mahaiaren erabakia irakurtzen.

Sarien irabazleak

Gogora dezagun epai-mahaiak EHTE Txisturako Konposizio Lehiaketa 2021 ediziora aurkeztu ziren 39 sortzaileen artetik aukeratu zituen garaileak hauek izan zirela:

2000€ko enkargu bat egitea Ángela Gómez Vidal (Espainia) konpositorearentzat, txistuaren familiako 2 instrumentu barne duela eta ondorengo zerrendatik aukeran lau instrumentu hartuta: soprano, biolina, biola, biolontxeloa, perkusioa, akordeoia, flauta, klarinete, saxo, obra berria idatz dezan.
1500€ko enkargu bat egitea Marta Haladzhun (Ukrainia) konpositorearentzat, hiru txistu-jotzaile eta perkusio-jotzaile batentzat obra berria idatzi dezan.
1500€ko enkargu bat egitea Anna-Louise Walton (AEB) konpositorearentzat, Trio Zukan hirukotearentzat obra berria idatzi dezan.
Epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio Davide Wang (Italia) konpositoreari (sari ekonomikorik gabeko aipamena).