Kimua izenburupean ikuskizuna prestatu du Ainara Martinezek goi-mailako txistu ikasketen bukaerako emanaldi gisa. Aktore batek eta bideo proiekzioek lagunduko dute musika oholtzan, obra ezberdinak harikalduz. Hitzordua ekainaren 3an izango da, Iruñeako Remacha aretoan.
Ainara Martinez txistulariak 2005etik txisturako konposatu diren obren katalogoa osatu eta analizatu du, goi-mailako ikasketa bukaerako lan modura. Hari horretatik tiraka prestatu behar zuen kontzertua, ikuskizun bihurtu du. Argiztapen zaindua, aktore bat, bideo proiekzioak…osagarriok oholtzan lagun izango ditu, beste musikariekin batera. Helburua Ainarak berak adierazi digu “obra bakoitza publikoari hobeto ulertarazatea, musikagileak adierazi nahi duena helaraztea”.
Azken 15 urteotan, txisturako 351 obra konposatu direla jaso du Martinezek bere katalogoan. Ekainak 3an taularatuko duen emanaldian entzungo diren obrak, azterketa horretatik tiraka hautatu dituela adierazi digu. Adibidez, ekoizpen handiena izan duen egilea Urtzi Iraizoz izan denez, musikagile honen bi obra joko ditu: Canción de cuna, txistu eta marinbarako obra eta Ubera, txistu eta pianorako idatzia. Lehena Andres Zalaya perkusio jolearekin estrenatu zuen aurten Ainarak eta bigarrena, Aitor Urkizak estrenatu zuen Garaikideak zikloan.
Analisitik ateratako beste ondorio batek harritu du Martinez, izan ere, Bilboko Udal Txistularien Bandaren ekimenez sortutako musika-lanak ugariak dira. Silboberriren ekarpena ere azpimarratu du alor honetan. Bilbokoen ekarpenetik, Ruper Lekueren Habanera txistu eta hari laukoterako eta Xabier Zabalaren Oskiarako bidea hautatu ditu. Silboberriren uztatik bi obra ekarriko ditu. Batetik Martin Zalbaren Guggenheim izango da entzungai. Bestetik, kontzertua abiatzeko, obra berezienetakotzat duen Zargan joko du Ainarak, Maria Eugenia Luc txistu eta elektroakustikarako sortutako lana. David Cantalejoren Ingurutxo, txistu eta perkusio set-erako obra ere aukeratutakoen artean dago. Azken hau Xabier Olazabalen karrera bukaerako emanaldirako sortua izan zen.
Ikuskizunak hari bat izango du naturatik abiatuta, obra guztiak lotuz. Horregatik, Amalurraren pertsonaiak bidean lagunduko ditu entzuleak. “Entzuleei zaila egiten zaiena kontestuan jarrita ulertarazi ” nahi die Martinezek. Horretarako, bideo proiekzioak eta argi efektuak baliatuko ditu baita, osagarri guztiokin musikagileek bilatzen diztuzten efektuak indartzeko. Aktore lanetan Leire Arraiza arituko da eta eszena zuzendari moduan Fermin Cariñena.
Hitzordu interesgarri hau Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioko Remacha aretoan izango da, Iruñean, ekainaren 3an 17:45ean.