Donostiako Txistularien Kontzertu Nagusirako deialdia

Donostiako txistulariek abuztuaren 9an izango den kontzertuaren berri eman dute. Parte hartu nahi duten txistulariek abuztuaren 2aren aurretik esan behar diote Xabier Muñozi.

Euskal txistulariei luzatutako gutunean aurtengo Txistularien Kontzertu Nagusiaren nondik norakoak azaldu dituzte. Aitor Arozenak zuzenduko dituen txistulariekin batera artista gonbidatuak ere izango dira eta kontzertuan gogoan izango dituzte hainbat efemeride: Gipuzkoa orain dela 1000 urte ere bazela erakusten duen testua aurkitu izana gogoratuko dute, baita Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen buru eta makina bat txistulariren maisua izan zen Isidro Ansorenaren heriotzaren eta Oinkari dantza taldearen sorreraren 50 urteak ere. Horiek gogoratzeko txistularien tropelaren ondoan ariko dira kontzertuko une ezberdinetan Juan Mari Beltran laukotea, Tolosako Udal Txistulari Banda, Lide Hernando musikari donostiarra, Ekain Cachenaut txistulari uztariztarra, Oinkari dantza taldea eta Oihana Iguaran bertsolaria.

Kontuan hartu beharreko hainbat ohar jarri dituzte:

  • Entseguak abuztuaren 5 eta 8an izango dira Donostiako Udal Musika Eskolan (Atotxa Zelaia plaza, 3) arratsaldeko zazpietan.
  • Txistulariek joko dituzten txistuak FA tonuan eta silboteak SI bemolean izango dira.
  • Janzkera: alkandora zuria, gona/galtza ilunak, zapata beltzak.
  • Zailtasunak direla eta, senide edo ezagunentzat ez da eserlekurik gordeko.

Kontzertu egunean ordutegi hau jarraituko dute:

  • 16:15 Bilkura Plaza Berrian
  • 16:30 Entsegu orokorra oholtza gainean.
  • 20:30 Kontzertua.
  • 22:30 Lunch/zizka-mizkak Plazako Liburutegiaren sotoan, San Jeronimo kaletik sartuta.

Parte hartu nahi duten txistulariek Xabier Muñozi abuztuaren 2aren aurretik esan behar diote 606145998 telefonora edo txogori@gmail.com emailera.