Jasone Akizu txistulari bilbotarra, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen idazkaria, aurtengo Bilboko Aratusteetako Zaranbolas izateko hautatu dute.
Bere ondoan, Lutxo Egia del Río soziologo, idazle eta ‘performerrak’ izango da Farolin.
Bilboko Jai Batzorde Mistoa izaten da urtero Bizkaiko hiriburuko Aratusteetako enbajadoreak diren bi pertsonaien lanean arituko direnak aukeratzen dituena. Aurten otsailaren 8aren eta 13aren artean ospatuko dituzte bilbotarrek Aratusteak.
Eta zein dira Farolin eta Zaranbolas? Farolin bilbotarra da, Bilbon bertan jaio ez bada ere, bere jardun profesional edo publikoagatik harrotzen dena, eta gainera beti haizez beteta bera Botxokoa dela mundu guztiari esaten dabilena. Semper Plus Ultra (Beti harago) izan liteke bere lelo nagusia.
Zaranbolas berriz Bilboko pertsona bat da, ezerk ozpintzen ez duena. Ondo bizitzea atsegin duena. Carpe Diem (Gozatu ahal duzun bitartean) lema bere egiten duena.