Arineketan taldearen Zaharrak Berri

Arineketan taldeak joan den astelehenean aurkeztu zuen Zaharrak Berri proiektu berria.

Astelehen goizean Donostiako San Telmo museoan bertako proiektu arduraduna den Agurtzane Garai Ibarluzearekin batera eman zituzten lan berriaren inguruko azalpenak Iñar Sastre Lopetegik eta Jagoba Astiazaran Kortak, biak Arineketan taldeko partaideak. Proiektua bere osotasunean aurkeztu zuten: Batetik egitasmoaren zutabe diren diska eta liburua, bestetik San Telmo museoarekin elkarlanean, astean zehar egingo den ekintza parte hartzailea, eta guztia borobiltzeko, larunbata urtarrilak 13 museoan bertan egingo den aurkezpen kontzertua. Kontzertuaren harira, Arineketan taldeak egitasmo berezia jarri du martxan urtarrilaren 9tik 12ra. Egun horietan San Telmora “euskal kantagintzaren” grabazio zahar bat ekartzen duenari Arineketan taldearen Zaharrak berri disko berria emango zaio trukean. Ekintza honen bitartez euskal kantagintzaren ondareaz jabetzea eta honen garrantzia goraipatzea lortu nahi du taldeak.

Zaharrak berri Arineketan taldearen bigarren proiektua da. Aurreko proiektuan erakutsi zuen bezala, Euskal musika tradizionalaren zaharberritzea oinarri duen taldea da Arineketan. 2020an euskal dantzako doinu eta erritmoekin jolastuz guztiz itxuraldatu zuten tradizioa. Lan horri esker, besteak beste 2021eko Euskal Herriko Musika Bulegoa saria eskuratu zuen taldeak.

Oraingoan egile ezezaguna duten euskal kanta zaharrak izan dituzte ardatz. Bertatik abiatu bai, baina kantak tankera eta estilo guztiz ezberdinetan biziberritu dituzte. Gaur egungo hainbat ahots esanguratsu izan dituzte kolaboratzaile diskan: Ødei, Nøgen, Olaia Inziarte, Idoia, Mikel Urdangarin, Ansa ahizpak, Ainara Ortega, Eñaut Agirre, Beñat Gaztelumendi, baita New Yorken egoitza duen Rosalind talde amerikarra ere.