FOLKLOREMIX jardunaldia

Euskal Herriko Txistulari Elkartean Eusko Ikaskuntzaren ASMOZ Fundazioatik martxorako antolatu duten jardunaldi honen informazioa jaso dugu. Elkarteko bazkideentzat interesgarria izan daitekeelakoan jarri dugu hemen.

Jardunaldiaren helburuak

– Euskal musika-instrumentu tradizional batzuk “in situ” erakustea, baita horien soinua eta erabilera ere.

– Musika elektronikoaren sorkuntza bultzatzea, euskal instrumentu tradizionalen soinuekin nahastuz.

– Euskal musika tradizionalaren eta soinu modernoen (musika elektronikoaren) arteko genero musikalen nahasketa sustatzea.

Nori dago zuzenduta jardunaldia?

Jardunaldia mundu guztiari irekita dago: musikarekin zerikusia duten ikasleak, ekoizpen musikalean interesa duten pertsonak, artistak eta euskal musikarekiko edota musika elektronikoarekiko interesa duen oro.

Egitaraua

16:30 Harrera eta irekiera.

16:45 Jardunaldiaren lehen zatia: Andoni Ezeiza musikariak euskal instrumentu tradizional sorta bat jo eta erakutsiko digu: alboka, ttun-ttuna, zarrabetea eta txirula. Horrekin batera, instrumentu hauek euskal musikan izan dituzten erabilerak, testuingurua eta egungo musikan non aurki daitezkeen azalduko digu.

18:30 Jardunaldiaren bigarren zatia: ordenagailu baten bidez eta instrumentu tradizionalen grabazioak edo “sampleak” erabiliz, DANTZ ACADEMYko irakasle batek (https://dantz.eu) soinu horiek nola nahastu eta musika elektronikoa nola sortu erakutsiko digu, baliabide digitalekin egindako sorkuntza musikala desmitifikatuz.

Ordua eta lekua

Noiz: 2023ko martxoaren 15ean

Ordutegia: 16:30 – 20:30

Tokia: Aieteko Kultur Etxea (Donostia). Areto nagusia.

Hizkuntza: elebiduna (eskaeraren arabera)

Hizlariak

Andoni Ezeiza: musikaria Ganbara eta Tadusak taldeetan eta euskal instrumentu tradizionalen zale amorratua. Txirula, zarrabetea, alboka eta ttun-ttun bezalako instrumentu tradizionalak jotzeaz arduratzen da jardunaldiko lehen atalean

LAGANT (Lander Agirreurreta) DJ aditua, urteetako esperientzia duena bai DJ gisa nazioarteko jaialdietan, hala nola ADE Amsterdamen edo UshuaÏa Eivissan, ekoizle gisa eta DJing irakaskuntzan. Bera arduratuko da jardunaldiaren bigarren zatia emateaz, euskal instrumentu tradizionalen soinuak erabiliz musika elektronikoa sortzeko gakoak erakusteko.

Jardunaldian izena ematea

Jardunaldira joateko beharrezkoa da izen-emate orri hau betetzea.