Javier Larralde Ustariz txistulari arizkundarra hil da

Ostiralean eman zuen azkenengo hatsa orain dela 94 urte Arizkunen sortu zen txistulariak.

Hainbeste urtetan Baztan ingurua eta Euskal Herriko makina bat leku bere txistu eta danbolinarekin alaitzen ibilitakoa zen Javier Larralde. Dantzak jotzen eta erakusten ere aritu zena 8 urterekin hasi zen herriko apaizak oparitu zion txistua jotzen. Amaren aldetik Juan Leon Ustariz ttunttuneroaren biloba izanik, etxetik zetorkion zaletasunari jaten eman zion Antonio Elizalderekin txistua jotzen eta, elizan kantuan aritzen zelarik, Emilia Gamiorekin solfeoa ikasiz.

Berak ikasitako doinu eta dantzak herriko gazteei erakusten aritu zen, tartean bere seme Patxiri. Patxirekin Baztango doinu eta dantzak berreskuratzen jarraitu zuen, horren adibidea da 1991an IZ disketxearekin argitaratu zuten Baztango Folklorea diskoa.