Aldizkari berria, eskura

Hauxe da gure Txistulari aldizkariaren ale berria, ale bikoitza gainera: 255-256a. Gaurtik aurrera bazkideen eskura txistulari.eus web gunean eta laster, inprentatik etxeetara helduko dena.

Aste hasieran inprentan sartu zen Txistulari aldizkariaren 255-256 zenbaki bikoitza. Etxean jaso aurretik, web gunean kontsultatu eta deskaragatzeko aukera dute gure bazkideek gaurtik. Ale berria 2018ko uztailatik abendura doa. 116 orrialdek osatzen duten argitalpenean, klarertar musikagile zenbaiten zortzi pieza, askotarikoak, argitaratzen ditugu.

Bikoitza izanik, bi solasaldi  jasotzen ditugu, batetik Luis Elizalderekin izandako elkarrizketa eta bestetik, Migel Anjel Sagasetari egindakoa. Izan ere, bi protagonista nagusi ditu aldizkariak, Sagaseta bera eta klarertar musikagileak.

Bi domina emate ekitaldiren berri ematen da ale honetako kronika banatan: Sagaseta eta Luis Udakiolari dagozkionak. Juan Manuel Ugarte eta klarertar musikagileen inguruan artikulu bana idatzi dute Jose Ignazio Ansorenak eta Josu M. Aldayk.

Bestetik, azpimarratzekoa Emilio Xabier Dueñasek sinatzen duen artikulu mamitsua: Eusko Ikaskuntza y sus txistus o el reparto del silbo artesano en serie. Alaken kantaren inguruan idatzi du Agustin Mendizabalek, abestiaren jatorrian ikertuz. Berreskurapen lan baten berri ematen digu berriz, Koldo Ulibarrik bere artikuluan. Eta azkenik, umoretsu eta zorrotz aritu da Miguel R. Madinabeitia “…si habrias tocau en Fa#…” idatzian.

Txokorik txoko atalean Fontso Jimenezek Nafarroako Erriberaraino eraman gaitu eta arbeletik aritu zaigu Gorka Zabaleta. Zutabea Joseba Altubek, xiria Pedro Ignacio Elosegik eta diskoa Ainara Martinezek jarri dute oraingoan, eta umorea berriz, Txispunk irudigileak. Ohiko sailak ere ez dira falta: hormatxulotik, saski naski, interesgarriak…

Azala, Iñigo Ruizen lana izan da, Sagasetari omena eginez.

Aldizkari betea, kolaboratzaile askoren laguntzaz bakarrik izan daitekeena posible. Hemendik gure eskerrik zintzoenak guztiei.

Hemen duzue gure ale berria: Txistulari 255-256 (deskargatzeko aukera soilik erregistratutako bazkideentzat).


Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era.

Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.

Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eusera.