Txistua ikasteko bi beka emango dituzte Bergaran

Argazkia: Bergarako Txistu Banda

Bi beka eskainiko ditu Bergarako Txistu Bandak txistu ikasketak egin nahi dutenentzat. Musika tresna herrian zabaltzeko xedea du ekimenak eta deialdia hurrengo bi ikasturteetarako izango da. Aurkezteko epea zabalik dago jada.

Bergarako Txistu Bandak txistua sustatu asmoz, bi beka jarri ditu txistu ikasleen eskura. 2019-20 eta 2020-21 ikasturteetarako izango da dirulaguntza hau. Bekak hainbat onura dakartza ikasleentzat. Lehenengo ikasturtean urteko matrikularen %25a eta bigarrenean %50a ordainduko litzateke. Bi ikasturteotan gainera, ikasleari txistu bat utziko litzaioke. Beka hauek, bi pertsonek eskuratuko dute soilik eta esleipena eskaeren ordena jarraituz emango da.  Eskaerak helbide honetara bidali daitezke: bergarakotxistulariak@gmail.com. Eskaeran Bergarako musika eskolako matrikula aurkeztea ezinbestekoa izango da.

 Baldintzak

  • Bergaran erroldatuta egotea.
  • Gutxienez 9 urte eta gehienez 25 urte izatea, eta gutxienez musika-hizkuntzako bi urteko ikasketak izatea.
  • Bergarako Musika Eskolan txistu-ikasketetan gutxienez bi ikasturtetarako (2019-2020 eta 2020-2012) matrikulatzeko konpromisoa hartzea.
  • Bi ikasturte horietan zehar Musika Eskolak eta Bergarako Txistulari Bandak antolatu ditzaketen emanaldietan parte hartzeko prest egotea.
  • Bergarako Txistulari Txiki Bandako partaide izateko konpromisoa hartzea eta, horrenbestez, errespetatzea entseguak (gehienez astean bat, ordu batekoa) eta programatutako emanaldiak (gehienez 2 ikasturte bakoitzeko).
  • Ikasteko eta bakarka ere trebatzeko konpromisoa hartzea.