Hernaniko Txistulari Gazteen Lehiaketako irabazlea azken bi urteetan, Leire Retegi Fernandezek agur esan dio txapelketari aurten. Bere gogoetak jasotzeko asmoz, leitzarra elkarrizketatu dugu txapela eskuratu eta egun gutxira.
Nola ikusi zenuen zeure burua larunbateko lehian?
Betiko urduritasun puntu hori sumatu nuen txapelketako eguna hasi zenetik; baina, egia esan, aurreko urteetan baino lasaiago nengoen. Zozketaren arabera azkena jotzea egokitu zitzaidanez, kezkak arintzeko asmoz edo, taldekideok Hernaniko kaleetan barna ibili ginen nire txanda gerturatu zen arte. Joaldian nerbioak dantzari zebiltzan arren, gustura aritu nintzen eta lasaitu ederra hartu nuen bukatutakoan. Arratsaldean taldekako fasean, berriz, lasai nengoen eta asko disfrutatu nuen jotzen ari ginen bitartean.
Emaitzarekin pozik geratu zinen?
Bai, noski. Txapelketa eguna iristeko irrikaz nengoen aspalditik eta gozatzeko asmoz joannintzen, behintzat neure buruarekin gustura gelditu nahi nuen. Txapelketan parte hartu dezakedan azken urtea izanik, bukaerako emaitzarekin oso pozik.
Zein obra aukeratu zenuen eta zergatik?
Isidro Ansorenaren Jo, Mutilak, Gogoz jo nuen. Obra aberatsa delako aukeratu genuen, batez ere. Alegia, hasierako zatia espresiboa da, jarraian bariazio teknikoak dauzka eta azkenik danbolinaren zailtasunarekin jolasteko askatasuna ematen duen biribilketa. Hortaz, txistulariaren alderdi ezberdinak azaleratzeko modukoa da eta Aitor Urquiza irakasleak lagundu nau horretan.
Bakarlari ezezik taldean aritu zinen baita. Zelan izan da talde lana?
Bai, taldean ere aurkeztu ohi gara. Azken 3 urteotan Yaiza Gonzalez (txistu bigarrenean) eta Uxue Ardanaz (silbotean) izan ditut bidelagun eta izugarrizko taldekideak izan dira, txapelketaren inguruko uneak are bereziagoak egin baitizkidate. Rodrigo A. de Santiagoren Fantasía Homenaje obra joko genuela aukeratu, Ines Carlos atabalariarekin harremanetan jarri eta lehendabizi bakoitzak bere ahotsaren nondik norakoei erreparatutakoan, astero ordu batez elkartzen ginen. Giro paregabea izan dugu entseguetan eta haien eskaintza zein lana eskertu nahiko nieke.
16 urterekin parte hartu duzu aurten, azken urtea izan duzu beraz txapelketan. Nola
baloratzen duzu esperientzia eta urte hauetako ibilbidea?
12 urterekin parte hartu nuen lehen aldiz, eta orain arte. Oso aberasgarria izan da txapelketan ibili izana, jendaurrean eta presiopean jotzeko aukera emateaz gain, giro polita sortzen delako txistuaren baitan eta jende ugari ezagutu dudalako. Urtero txapelketa iristeko gogoz egoten nintzen, urte hauetan asko disfrutatu dudan eguna izan delako. Aurten igandean egiten den topaketara joan nintzen lehen aldiz eta astinaldi ederra eman genien txistu, silbote zein danbolinei, gustura. Beraz, jaialdi hau antolatzeko esfortzua egin eta guk goza dezagun lan egiten duten horiek, eskertzeko moduko meritua dutela iruditzen zait. Pozgarria baita Euskal Herri osoko txistulariak elkartu eta eguna pasatzea.
Hemendik aurrera txistuari dagokionez, zer egingo du Leire Retegik?
Ikasturte amaiera arte audizio edo bestelako kontzerturen bat izanen dugu. Gerora, uda partean, alardeetan, dantza saioetan zein kalejiretan harat eta honat ibiltzea espero dut. Bien bitartean, ikasten eta gozatuz.