Txistulari Topaketa berri bat jaio da Arabako Oion herrian

Argazkia: Irule kultur elkartea

Aurrenekoz Oinonen, Txistulari Topaketa prestatu dute. Horren berri Jose Luis Cantabrana txistulariak ematen digu ondoko idatzian.

Arabak ere badauka zer esana txistulari mugimenduari dagokionez.

Hurrengo igandean, martxoak 31, Oion herrian, Irule Kultur Elkarteak sustatuta, Euskal Herri mailako txistulari topaketa bat izango da.

Hainbat urte ideia berberarekin ibili ondoren,  aurrera eramatea erabaki zen,  egun batez Euskal Herritik etorritako txistulariak eta Oion bertakoak elkartuz.

Aurtengoan Oiartzun, Aretxabaleta, Durangaldea, Abetxuko, Murgia, Miranda de Ebro, Gasteiz eta Nafarroako 50 bat txistulari bilduko dira Oionen. Txistua izango da hizpide eta egunaren erreferentzia. Horren inguruan hainbat ekitaldi egingo dira. Kartelak iragartzen duen moduan, eguna  parte hartzaileei harrera eginez hasiko da; hamaiketakoa, entsegua, kalejira -erraldoiekin batera-… Ekitaldi nagusian (herriko plazan) txistulari guztiak, J.L. Cantabranaren gidaritzapean, hainbat doinu jotzen arituko dira  Bilarreko dantzariekin eta erraldoiekin batera; ondoren txistu poteo txiki bat, bazkaria eta dantza plaza egingo da.

Irule Elkartea, orain 25 urte bat, hasi zen txistu klaseak bultzatzen, bertako kultura sustatu asmoz, bertan eta Arabako Errioxan irakasle aritua izanik hori ziurta dezaket. Orain arte, urtez urte aritu dira Oiongo txistulariak txistu hotsak zabaltzen.

Bakarrik geratzen zait txistulariak eta antolatzaileak zoriontzea egindako lanagatik. Espero dugu egun polita pasatzea. Horrela izan dadila!