Bi masterclass saio, Jose Ignazio Ansorenarekin

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan bi masterclass saio emango ditu Jose Ignazio Ansorena txistulariak, otsailaren 27 eta 28an. Izenematea irekita dago, otsailaren 20ra arte.

Txistuaren inguruko bi masterclass saio antolatu ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak, teoriko eta praktikoak, eta Jose Ignazio Ansorena izango da saio horiek emateko arduraduna. Otsailaren 27 eta 28an izango dira, Kontserbatorioan; 27an, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, eta 28an, 10:00etatik 13:00etara.

Hiru gai izango ditu ardatz Ansorenak, saio hauetan. Batetik, euskal danbolin edo txistularien historiaren errepaso bat egingo du: hauen antzinakotasuna hartuko da kontuan, eta aztertuko dira Ilustrazioaren aurreko joerak, Ilustrazioaren iraultza edota XIX. mendeko krisiak eta txistulari irudi berriaren sorrera, eta egungo eta etorkizuneko jarduera eta aukerak. Bestetik, txistularien errepertorioa aztertuko da, eta hainbat konpositore eta txistulari talde aipatuko dira. Azkenik, Ansorenak zuzentzen duen Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen berri emango da, eta udaletako txistulari taldeen jarduerak eta etorkizunaren inguruko hausnarketak plazaratuko dira.

Ikastaroa borobiltzeko, kontzertua emango du Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak, Pablo Sarasate Kontserbatorioko ikasleekin bataen, 28an, 19:30ean.

Izenemateak, otsailaren 20ra arte

Masterclass saio hauetan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik, eta otsailaren 20ra arteko epea dago horretarako. Lehentasuna izango dute Goi Mailako Kontserbatorioko eta Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko ikasleek.

Goi Mailako Kontserbatorioko ikasleentzako prezioa, 50 eurokoa izango da, eta Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko ikasleentzako, 30 eurokoa. Kontserbatorioko hauetako kide ez diren ikasleentzako, berriz, 70 euroko prezioa izango du, eta ikasle entzuleentzako, 30 eurokoa.

Ordainketa kontu korronte honetan egin behar da: IBAN ES17 2100 3693 26 2200477112. Orainagiria aurkeztu beharko da etxesaga@hotmail.com helbide elektronikoan, edo eskura eman beharko zaio saio hauen antolatzaileari; Xabier Olazabal irakasleari.