Txistu Eguna eta batzarra Murgian, martxoan

Aurreko batzar orokorra Miarritzen egin zen.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak martxoaren 10erako jarri du hurrengo zita; Txistu Eguna ospatuko da Murgian (Araba), eta bertan egingo da elkartearen urteko batzar orokorra ere. Izenemateak irekita daude, otsailaren 23ra arte.

Murgian (Zuiako Udala, Araba) egingo du Euskal Herriko Txistulari Elkarteak aurtengo batzar orokorra. Era berean, egun osoko festa izango da, Txistu Eguna ere ospatuko baita. Martxoaren 10ean izango da guztia. Egun horretako bazkaritarako eta bertara joateko autobusa hartzeko izenemate zerrendak ireki dira; otsailaren 23ra arteko epea egongo da batean nahiz bestean izena emateko.

Eguneko aurreneko hitzordua goizeko 09:30etan harri da, Murgiako plazan, guztiak elkartu eta goiz deia jotzeko. Segidan, 10:00etan, Frantziska Martina Ansorenari esker oneko agurra egingo zaio; urte luzeetan organoa jo, abesbatza osatu eta zuzendu, eta zenbait gazteri txistua irakasten aritua, bera. Omenaldia bukatuta, 10:45etan Zuiako udaletxean agintariek harrera egingo dute, eta 11:00etan, Batzar Orokorra hasiko da.

Batzar Orokorreko gai zerrendari dagokionez, besteak beste zehaztu dira, 2017ko ekintzen eta txosten ekonomikoren azalpena ematea, 2018ko aurrekontua aurkeztea eta zuzendaritza berritzea. Norbaitek moziorik aurkeztu nahi balu, Txistulari Elkartearen egoitzara (Pablo Iglesias, 10-1ºC, 20100 Errenteria; txistulari@txistulari.eus) bidali beharko luke, otsailaren 23a baino lehen. 2017ko ezhoiko batzarreko akta irakurri, eta hala badagokio, onartu ere egingo da. Nahi duenak bazkideen gune pribatuan dauka ikusgai.

Behin batzarra bukatuta, 13:00ean dantzarako aukera izango da Murgiako plazan, Bidebarri Dantza Taldearekin, eta 14:30ean bazkaltzeko tartea hasiko da, Mungiako Administrazio Batzarraren egoitzan. Hortik aurrera, elkarrekin eta txistua beti lagun, arratsalde ederra jai giroan pasatzeko aukera izango da.

Izenemateak, otsailaren 23a baino lehen

Martxoaren 10eko batzarrera eta Txistularien Egun honetara etortzeko asmorik izanez gero, Errenteriako egoitzara deitu (943 528 613) edo txistulari@txistulari.eus helbide elektronikora idatzi behar da, otsaialren 23a baino lehen.

Bazkaria 25 euro kostako da, eta diru sarrera Laboral kutxako 3035 0060 45 0600030609 kontu zenbakian edo Kutxabankeko 2095 0368 80 9100748227 kontu zenbakian egin behar da otsailaren 23a baino lehen.

Bestalde, autobusak ere jarriko dira egun horretan Murgiara joateko, eta horietakoren bat hartu nahi izanez gero ere, otsailaren 23a baino lehen jakinarazi behar da Txistulari Elkartean. Bat Durangotik (autobideko ordaintokia) aterako da 08:15etan, eta Bilbotik (Abando, 08:45) eta Laudiotik (anbulatorioa, 09:10) pasako da. Beste bat, Baionatik aterako da goizeko 07:30etan, eta Hernanin (Karabel, 08:15), Donostian (Pio XII, 08:30), Zarautzen (barrera, 08:45), eta Elgoibarren (ordainlekua, Usatorre, 09:05) jasoko ditu txistulari gehiago. Azkenik, hirugarren autobus bat aterako da Iruñeatik (El Sadar) 08:15etan, eta Gasteizen (Buesa Arena, 09:20) jasoko ditu azken txistulariak, Murgiara iritsi aurretik.

Partiturak eskura, bazkideen gunean

Murgian egingo den Txistu Egunean jo beharreko partiturak webguneko bazkideen gune pribatuan daude eskura, Dokumentuen atalean. Aldez aurretik partiturak irakurri eta lantzea eskatzen da.