Txalaparta, txistua eta adarra, Oiartzungo Gau Beltzan

Etxeko trapu zaharrekin mozorrotzen ziren umeak, garai batean.

Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen da aspaldidanik, Euskal Herrian ere. Oiartzunen laugarren urtez hainbat ekitaldi antolatu ditu Abaraxka Ludotekak, eta okasiorako sortutako pieza berria joko du Aitor Arozena danbolinteroak.

Aurten, laugarren urtez segidan, Gau Beltza ospatuko da Oiartzunen urriaren 31n; Santu Guztien Egunaren bezperan, alegia. Abaraxka Ludotekako kideek hainbat ekitaldi antolatu dituzte iluntze horretarako, eta HM Eskolako ikasleek ere hartuko dute parte. Arratsaldeko 19:30etan ludotekan elkartu, eta sua piztuko da; mozorrotuta joateko dei egin dute. Haren bueltan norberak etxetik ekarritakoarekin afari-merienda egingo da, eta 20:30ak inguruan, sorpresaz beteriko beldur ibilbideari ekingo diote; HM Eskolako ikasleek emango diote hasiera, txalaparta eta adar hotsekin, eta Goiatz Labandibarrek idatzitako gidoiari jarraituko dio gero herriko antzerki taldeak.

Ibilbidea Doneztebe plazan bukatuko da. Behin bertara iritsita, Aitor Arozena txistulariak okasiorako sortutako doinu berria joko du, eta dantzan jarriko du Suzko Akerra.