- +34 943 528 613
- txistulari@txistulari.eus
Bilboko Udal Txistulari Bandaren kontzertua
Zuzendaritza: Garikoitz Mendizabal Etxeberria
Lankidetza: Aitor Furundarena
Tradizio musikak, musika etnikoak edo folk musikak indar handia izan dute gure artean. Tradizio doinuak akordeoi eta baxu elektriko baten laguntzaz eguneratuago, folk estiloan, aurkeztuko ditu oraingoan Bilboko Udal taldeak. Herri-doinu itxura izan arren, jatorri desberdineko doinuak eskainiko dituzte kontzertuan.
Kepa Junkera euskal musikan, folk musikan eta trikitixan erreferente izan den musikariaren zenbait doinu entzungo dira: Fasio, Lurra terra, Zolloko San Martinak, Odolaren boza edo Bizkaian zehar.
Aitor Furundarenaren zenbait doinu ere agertuko dira: Sugandila eta Slaloma. Baita beste musikari batzuenak ere, hala nola Xabier Zabala, Iñigo Goikoetxea edota Koldo Basabe. Horiez guztiez gain, nola ez, herri musikan jatorria duten edo egile ezezaguna duten hainbat abesti.
Oraingoan, akordeoia eta baxu elektrikoa izango dituzte bidelagun txistulariek. Akordeoiarekin laguntzeaz gain, abesten ariko da Aitor Furundarena musikaria, eta Gorka Eskauriaza izango du lagun baxu elektrikoan.
Aitor Furundarena ibilbide luzeko musikaria da. Euskal Herria, Paris eta Copenhaguen egi zituen akordeoi eta konposizio ikasketak, eta, gero, musikaren bi alorretara bideratu ditu bereziki: musika garaikidea eta herri musika. Nazioarteko hainbat lehiaketatan saritua izan da, eta lan asko egin izan du bai bakarlari moduan, bai taldeekin elkarlanean.
Gorka Eskauriaza, berriz, gitarrarekin hasi bazen ere, laster egin zuen aldaketa baxu elektrikora, eta ondoren, kontrabaxuko ikasketak egin zituen kontserbatorioan. Hainbat taldetan hartu izan du parte, Oskorri talde enblematikoan, esaterako. Horrez gain, Segundo Olaeta musika eskolan dihardu irakasle lanetan.