Carlos Santa Coloma gogoan

Martxoan zendu zen Carlos Santa Coloma txistularia. Hori dela eta, Jon Iñaki Carnicero Urrak, Portugaleteko Txistu Zaleak elkarteko kideak, honako idatzia igorri digu. 

 

Carlos Santa Coloma zendu da (Trapagaran, 1945 – Portugalete, 2019)

Martxoaren 4an Carlos Santa Colomak txistulariak utzi gaitu. Carlos, EHTEko zilarrezko dominaren jabe (2003-11-21ean emana) eta Portugaleten zein Meatzaldean txistulari erreferente izandakoa, hil egin da gaixotasun luze baten ondorioz, etxetik ezin mugitu urte asko pasa ondoren.

Txistua jotzen ikasi zuen Sestaon eta gaztetan Portugaleteko Elai Alai dantza taldeko txistularia izan zen. 70. hamarkadan, txistu irakasle hasi zen eta Trapagaranen Musika Eskola sortu zuen, txistu ikasketak barne. 1979an Trapagarango Udalaren Txistulari Bandan txistu lehenena eta zuzendari plaza atera zuen. Hainbat txistu lehiaketa irabazi zuen eta txisturako obra batzuen egilea ere izan zen.

Azken agurra martxoaren 11n izan zen Portugaleteko Andra Mari Basilikan, berak idatzitako Oroitzapena kontrapasa joz, dozena bat txistularik omenaldi txikia eskaini genion, baita Arantza alargunari eta seme-alabei gure doluminak adierazi ere. Goian bego.

Trapagarango lehenengo Udal Txistu Banda, 1980 inguruan: Carlos Santa Coloma (txistu 1.a), José Manuel Hurtado (txistu 2.a), Roberto Sacristán (silbotea) eta Josu Urrutia (atabala).