Txistulari aldizkaria: zortzigarren alea eskura (1929)

EHTEk 1936ko gerraren aurretik publikatu zituen Txistulari aldizkariak digitalizatu ditu. Hamar aleko bilduma pixkanaka bazkideen eskura jartzen gaude. Oraingoan zortzigarren alea dakargu, jada eskuragarri dago gure webean, oso-osorik.

Euskal Herriko Txistulari Elkartea 1927an jaio zen. Txistulari aldizkaria, berriz 1928ko martxoa-apirilekoa du lehenengo zenbakia. Aldizkaria gerrarekin bere jarduna eten eta berrabiatzerakoan hutsetik hasi zen, horregatik bi garai bereizten ditugu: gerra-aurrekoa eta ostekoa. Oraingoan, garai horretako 8. alea dakargu hona.

Gerra aurreko lehenengo 10 aleak digitalizatu berri ditugu, eta pixkanaka webean, bazkideen esku jarriko ditugu.

Zortzigarren zenbakia

1929ko maiatza-ekainari dagokion aldizkaria P. de Larrañagaren artikulu batekin hasten da, ¡El Txistu! non gure soinutresnaren alabantza egiten du, ospakizunetan duen pisua azpimarratuz. Jarraian Eusko Oiturak hizpide ditu Agirre  izeneko batek euskaraz artikulu labur batean. Ondoren elkaretaren III. Batzar Orokorrerako deialdia ematen da, 1929ko uztailaren 19an jarria zegoen zita. Egitarauak hainbat hitzaldi eta kontzertu bat ere barnebiltzen zituen. Policarpo Larrañaga moralitateaz eta ohiturez, Luis Olaizola txistuari buruz eta Aita Donostia dantzen inguruan jardungo zutela iragartzen da.

Donostiako Txistulari Lehiaketaren emaitzaren berri ematen da, Tolosako txistu banda lehena eta Portugaletekoa bigarren suertatu zelarik. Argazkiz lagundutako artikuluan baina, lekurik handiena Txisturako Konposizio lehiaketak hartzen du, bertan epaimahaiaren ebazpena argitaratzen da, zehaztasun osoz, izan ere obraz obra beren iritzia plazaratzen dira. Aurkeztu ziren obrak txistularion artean ezagunak izanik, interesgarria da oso Garibay izenekoak sinatzen duen artikulua.

Tomas Garbizuren hitzaldi batek emandakoa jasotzen da hurrengo idatzian. Ondoren, Heraclito de Murgak izenpentutako artikulua dator, urduñar jatorria duten txistulariei eskainia. Olerki aldarrikatzaile batekin dator, Urduñatik Antonio Etxebarria Mardones.

Ohiko Naskaldia  eta erromerien agendak ixten dute aldizkaria. Aurretik baina, hainbat artikulu labur jasotzen dira alboradak, txistua eta abesbatza argazkitan eskola baten irekiera  eta txisturako kontu praktikoak hizpide dutenak, horiek guztiak gazteleraz idatziak.

Musika atala

Ale honek bina fandango eta arin-arin dakartza Jose A. de Erauzkinek sortuak Fandango eta Bailables para txistu izenburupean, txistu bandarako idatziak.

Benetako altxorra, datu interesgarriz eta bitxikeriaz betea, bazkide guztien eskura pdf formatuan deskargatzeko aukerarekin. Benetako oparia.

Aldizkaria ikusteko klikatu hemen (soilik erregistratutako bazkideentzat eskura).


Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era.

Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.

Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eus-era