Maiatzak 2an, Jose Luis Ansorena Mirandari omenaldia egin zion Errenteriako (Gipuzkoa) Udalak eta Eresbilek. Egun hunkigarri horren kronika igorri digu Iñaki Eguren Etxabegurenek, EHTEko lehendakariak.
Gaur (maiatzak 2) 18:30ean, Errenterian, Jose Luis Ansorena Mirandari omenaldi berezia egin zaio Eresbilek eta Errenteriako Udalak antolatuta. Jose Luisek gaur bertan 90 urte bete dituela aprobetxatuaz, orain arte Musika Plaza izena zuen Errenteriako enparantzari izena aldatu eta Jose Luis Ansorena musika plaza jarri diote.
Plaza horri lehenago Musika plaza izena jartzea, Jose Luisek berak proposatu zion bere garaian Udalari, eta horregatik mantendu nahi izan dute deitura. Plaza bera, kaputxinoen elizaren ondoan dago, Ansorenak Andra Mari abesbatza eta Eresbil sortu zituen lekutik oso gertu. Han bildu gara agintariak (Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusia eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea), Jose Luisen familia eta lagunak, Errenteriako abesbatza guztiak eta herritar asko, eta nola ez, Euskal Herriko Txistulari Elkartetik (EHTE) ere joan izan nahi dugu, Jose Luisi zorionak eman eta urte luze hauetan, gure elkartean ere, egin duen lan izugarria eskertzera.
Txistu doinuak
35 bat txistulari bildu gara Errenteriako txistulariekin batera, Xabier Olaskoaga plazatik kalejiran, Jose Luis Ansorena musika plazara. Txistulariok eman diogu hasiera ekitaldiari, Isidro Ansorena zenak bere seme Jose Luisi jaio zenean eskaini zion Semetxoaren poza doinua joz. Ohorezko kontrapasa Errenteriako txistulariek jo eta Ereintza dantza taldeko dantzari batek dantzatu ondoren, Jon Baguesek ekarri ditu gogora Jose Luisen ekarri izugarriak, ez Errenteriari bakarrik egindakoak, Euskal Herri guztiari baizik (horren adibide Eresbil bera, euskal musikaren artxibo paregabea, Ansorenak lan isil eta serio askoren poderioz sortu eta bultzatua), eta agintarien hitzen tartean, Errenteriako abesbatzarekin batean Jose Luisek berak konposatutako Agur Errenteria eta berak hitzak jarritako Euskal musikaren gorespena ere jo dira.