Zuberoako dantzari eta musikarien kontuak, Bedaxagarren liburu berrian

Argazkia: Syntorama

“Maskaradako dantzari fin hura, nor zen? Zenbat dantzari eraman ote zituen 1914ko gerrak?” Horrelako eta bestelako hamaika galderari erantzun bila abiatu da Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, Zuberoa 1953)  Antzina Pika liburuan. Hainbat ikerketaren emaitza den lana Sü Azia elkarteak argitaratuko du, aurreikuspenen arabera, ekainaren erdi aldera.

Jean Mixel Bedaxagar musikari eta dantzari zuberotarra herrialdeko dantzari eta musikarien berri jakin nahian liburua ondu du: Aintzina Pika izenburu pean  Sü Azia elkarteak argitaratuko  du. Ekainaren erdialdean kaleratuko den lana hainbat ikerketaren emaitza da, eta Zuberoako 180 dantzari eta musikariren kontuak, argazkiak… jasotzen ditu. Xabier Itzaina, Jean-Claude Larronde, Marcel Gastellu eta Geneviève Marsanek  eginiko ikerketak azaltzen dira urdiñarbetarrak egindakoekin batera.

Aurre-salmenta

Maiatzaren 15a bitarte, aurre salmentako prezio berezian eskuratu daiteke liburua, 25 eurotan. Sü Azia elkartearekin, suazia@gmail.com helbidean harremanetan jarri beharra dago Aintzina Pika eskuratzeko. Mezuan  izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta eskatzen den liburu kopurua zehaztea beharrezkoa da.

Jean Mixel Bedaxagar xirulari eta kantari gisa da ezaguna gaur egun. Azken aldian Zuhainpeko Soinuak ikuskizunean ikusi ahal izan dugu Mixel Etxekopart edota Juan Mari Beltran bezalako musikariekin. Hainbat diska argitaratu ditu bakarlari gisa, azkena Belatxa izenekoa 2015. urtean.

 

Belatxa lanaren aurkezpen bideoa hemen ikusgai: