- Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak iganderoko kontzertu-denboraldia hasiko du irailaren 25ean.
- Kontzertuak igandero Konstituzio Plazan ospatuko dira, Udaletxe zaharreko arkupeetan, 12:15etan hasita.
Uda amaitzearekin batera, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak igandero eskaintzen duen kontzertu denboraldia abiatuko du. Aurtengoa datorren irailaren 25ean hasiko da eta, astero-astero, euskal txistularien tradiziozko doinuei eskainiriko kontzertuak ospatuko dira. Emanaldietan dantza, kantu, biribilketa edota obrak entzuteko aukera eskainiko du udal taldeak; hiru zuloko euskal txirulak jo ditzakeen tankera guztietako musikak.
Kontzertuak Konstituzio Plazan ospatuko dira, Udaletxe zaharreko arkupeetan, igandero, 12:15etan hasita eta leku irekia izanda ez da erreserba edo sarrerarik beharko.
Euskal kulturak bere hiru zuloko instrumentuari atera dion, eta gaur egun ere ateratzen dion, etekina erakusteko erakunde egokienetakoa da Donostiako Udalaren Txistulari Taldea. Juan Ignacio de Iztueta folkloristaren testigantzari esker, badakigu Donostiakoak kalitate handiko txistulariak izan direla XIX. mendeaz geroztik behinik behin.
Bere jardunen artean, hiria musikaz hornitzea dute txistulariek eta lan horretan ariko dira irailetik uztaila amaierara bitartean igandero-igandero kontzertuak eskainiz Konstituzio Plazan, 12:15etatik aurrera, datorren irailaren 25ean hasita.