Batzar Orokorra eta Txistu Eguna

Euskal Herriko Txistulari Elkarteko bazkideak martxoaren 5ean Beran elkartzera deitu ditu zuzendaritzak.

Bazkide maitea:
Datorren martxoaren 5ean Beran (Nafarroa) ospatuko ditugu Euskal Herriko Txistulari Elkartearen urteko batzar orokorra eta Txistu Eguna. Horietarako deialdia bidaltzen dizugu mezu honekin batera.
Ongi dakizunez, egoera kezkagarrian bizi gara joan den bi urtean eta Covid-19ak eragindako pandemiak galarazi egin digu, besteak beste, 2020 eta 2021eko batzarrak egin ahal izatea. Beraz, aurtengo batzar hau berezia izango da, batetik behar diren osasun neurriak hartu beharko direlako, eta bestetik, hiru urtetako kontuak aurkeztu behar direlako. Honek batzar orokorraren gai ordena puntu batzuetan zabaltzera behartu gaitu, eta saiatuko gara batzarra baino 15 egun lehenago hiru urteetako balantze ekonomikoak elkartearen web orrian zure esku jartzen, batzarra bera ahal dugun argien eta arinen eramateko asmoz.
Zailtasunak asko direla jakinda ere, zuzendaritza osatzen dugunok asko eskertuko genuke zu bertaratzen ahalegintzea, egoera honetan bereziki garrantzitsua baita elkartearentzat batzarrak aurrera egitea eta are garrantzitsuagoa Beran elkar ikusi eta festa giroan, elkarrekin, berriro txistu-atabalak jotzen hastea.

Gogoratu, Berako Txistu Eguneko bazkarirako, nahiz Bilbotik Donostian barrena etorriko den autobusa hartzeko, izena eman behar dela otsailaren 21a baino lehen. Atxikitako deialdian duzu informazio guztia.

Laster elkar ikusteko esperantzan, beraz, agur bero bat:

Euskal Herriko Txistulari Elkartea
Zuzendaritza Batzordea

Batzar Orokorrera deia

2019an Sopelan izan zen Batzar Orokorraren akta

Balantze eta aurrekontuak

Partiturak