Proposamen berriarekin dator Silboberri elkartea, Durangoko Euskal Asterako flamenkoa eta txistua uztartzen dituen kontzertua prestatu baitu. Dantza eta musika bilduko ditu emanaldian, bi obra estreinatuko dituzte.
Nahasketa berri bat ekarriko du Silboberrik, ekainaren 8an San Agustin kultur gunearen oholtzara. Durangoko Euskal Astearen egitarauaren baitan emanaldi berezia antolatu dute, txistuaren eta flamenkoaren artean zubiak eraikiz. Emanaldian txistulariekin batera, kitar jole, abeslari, perkusio jole eta dantzariak izango dira nahasketa gauzatzen. Horrez gain, bi obra berri estreinatuko dituzte.
Emanaldiak bi zati izango ditu. Lehenengoan, lau obra emango dituzte flamenkoa eta txistua uztartuz, horietatik bi estreinaldiak Pablo Fernandez Arrieta eta Felix Ibarrondoren lanak hurrenez hurren. Musikarien aldetik, hiru txistulari arituko dira: Aitor Amilibia, Sergio Torices eta Iñaki Martin. Lehen zati honetan akordeoia, gitarrak eta kajoia entzungo dira baita. Dantzariak ere ez dira oholtzan faltako, bai flamenkoa eta bai euskal dantza ekarriz.
Bigarren zatian berriz, Teatro Flamenco madrildarren ekoizpen bat taularatuko dute: Emociones. Bertan errepasoa egiten zaie flamenkoaren genero ezberdinei.
Sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte, Durangoko San Agustin kultur gunean ekainaren 8an iluntzeko 8etan.
Egitaraua