Nafarroa Oinezen txuntxuneroak

Mugarik Gabeko Txuntxuneroek urriaren 8an Etxarri Aranatzen izango den Nafarroa Oinez txistu hotsekin alaitzera gonbidatu dituzte Euskal Herriko txistulariak.

Aurten Andra Mari ikastola da Nafarroa Oinez antolatzeaz arduratu dena. Hiru gunez osatutako ibilbide bat egokitu dute eta Mugarik Gabeko Txuntxuneroek bigarren guneko txoznan goizeko 9:15etan elkartzea proposatu dute. Handik 10:00etan abiatuko dira. Hamaiketakoa egiteko, bakoitzak berea antolatu beharko du, 11:30etan geldialdia egingo da guneren batean. Ondoren, ibilbidean txistua jotzen jarraituko dute 14:00 arte eta bakoitzak bere bazkaria antolatu beharko du.

Txuntxuneroak elkartzen direnean ohikoa denez, FA# tonuan doitutako txistuak erabiliko dira egun horretarako aukeratutako doinuak jotzeko. Partituraren bat falta duena hemen klikatuta eskuratzeko aukera du.

Kotxez joateko asmoa dutenei Etxarrira goiz xamar joatea aholkatzen zaie, aparkatzeko arazo gutxiago izateko.

Hona hemen Nafarroa Oinez 2023ko ibilbidearen planoa ere.