Patxi Ibarra txistulariari omenaldia

Uztailaren batean, arratsaldeko 7etan, Basauriko San Migel auzoan, txistularia izan zen Patxi Ibarrari egindako omenaldia ospatu zen. Patxi Ibarra pasa den urtean joan zitzaigun. Basaurin uzten du berak sortutako txistulari talde ederra, duela denbora asko, euskal kulturarentzako oso gogorrak ziren urte haietan sortu zuena. Txistulari haietako batzuk lagunekin eta beste musikariekin batera elkartu ginen San Migeleko Taberna Nagusia kultur egoitzan bere seme Joseba Ibarra txistulariak zuzendutako eginkizun unkigarri batean. Musika ez zen falta izan. Bere ilobak berak sortutako abesti eder eta unkigarri bat abestu zuen emozioz betetako momentu batean. Aititeri zuen izenburua.

Eta solemnitatearen ostean, alaitasuna. Guztiok kalez kale ibili ginen musikaz blai; txistulariak, abeslariak, panderojoleak, akordeoijoleak… gaua heldu arte. Benetan ederra izan zen. Gure Patxik merezi zuen modukoa. Beti arte laguna.