BERTAN BEHERA: Juan Manuel Ecay txistulariak EHTEko zilarrezko domina jasoko du

Juan Manuel Ecay Bueno

2021/11/26

Azken orduko arazo larria tarteko, bertan behera utzi da igandean izan behar zuen ekitaldia.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Juan Manuel Ecay Bueno txistularia azaroaren 28an Iruñean omenduko du. Ekitaldian, elkarteak zilarrezko domina ezarriko dio. Jarraian, Iñaki Eguren Etxabeguren lehendakariak bazkide guztiei zuzendu dien eskutitza eta ekitaldiaren zehaztasunak dituzue.

Bazkide adiskide hori:

                  2021eko martxoaren 3ko bileran, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Zuzendaritzak, Ricardo Madinabeitia eta beste hamaika bazkideren eskaerari erantzunez, aho batez onartu zuen Juan Manuel Ecay Bueno jaunari elkarte honen zilarrezko domina ematea. Horretarako, aintzat hartu zen urte luzetan Ecay jaunak txistuaren alde egindako lan izugarria, beste askoren artean Oberena Txistularien Eskola sortu eta bultzatzeko 1970eko hamarkadan izan zuen ekimena azpimarratuz: txistua Iruñea eta inguruan oinarritu eta zabaltzeko funtsezkoa gertatu zen hura bera.

                  Hori dela eta, atsegin handiz natorkizu berri ematera Juan Manuel Ecay jaunak ongi merezitako omenaldia datorren azaroaren 28an ospatuko dela, igandez, Iruñean bertan. Horrekin, parte hartzera gonbidatu nahi zintuzket, Oberena eta Iruñeko Udalaren laguntza estimagarriaz Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Antolatu duen ospakizun honetara.

                  Ondoan doazkizu bada, omenaldiaren eguneko egitaraua eta parte hartzeko jakingarriak.

                  Jaso itzazu nire goraintziak:

Iñaki Eguren Etxabeguren

EHTEko lehendakaria

EGITARAUA (egunekoa)

10:30 Gaztelu Plazan (kiosko ondoan) elkartzea eta kalejira Labrit frontoira

11:30 Labrit Frontoian harrera Juan Manuel Ecayri eta taldeko argazkia. Jarraian, kalejira Kondestablearen Jauregira

12:30 Kondestablearen Jauregian Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zilarrezko domina Juan Manuel Ecay Bueno jaunari ezartzeko ekitaldia. Jarraian, txistularien kontzertua

14:30 Gure Leku elkartean Anai arteko bazkaria

ERREPERTORIOA ETA PARTITURAK

Partiturak e-mailez zabaldu dira eta webean ere jarri dira, bazkideen txokoan. Azaroaren 28an bertan paperean banatuko zaizkie jotzera datozenei.

OHARRAK

Jardunaldi osoan fa naturaleko txistuak eta si bemoleko silboteak (La=442 Hz) erabiliko dira. Hiru ahotsetara joko denez, parte hartzaileei ahotsak orekatzeko ahalegina egitea eskatzen zaie. Bigarren ahotsak beharko dira eta, bereziki, silboteak eta atabalak.

Janzkera aldetik, ad libitum. Antolakuntzak jarri duen baldintza bakarra txukun azaltzea izan da, ekitaldiaren garrantziak eskatzen duen bezala.

Izena emateko epea azaroaren 22 artekoa da, EHTEren ohiko helbideetan.