Urtea estreinatu berri, Mugarik Gabeko Txuntxuneroak martxan dira jada: 2020rako lehenengo proposamena plazaratu dute. Hitzordua, Andosillan izango da urtarrilaren 18an.
Goiz deiak eta bazkaria antolatu dute MGTko txistulariek urtarrilaren 18rako Andosillan (Nafarroa). Parte hartzaileak 10:30etan elkartuko dira Udaletxeko plazan. Bertan, gosaltzeko aukeran izango dira txokolatea eta salda. Ohiturari jarraituz, ondoren etorriko dira familia argazkia eta eguneko lehen doinua: Plegaria. Jarraian taldea kalez kale arituko da txistu eta danbolinak astinduz, bidean geldialdia egingo dutelarik Adinekoen Etxean, bertakoak bisitatzeko.
Nekea agertzen denean, txistulariek hamaiketakoa hartuko dute eta herriko auzoak musikaz alaitzen jarraituko dute ordu batak arte. Orduan, Udaletxeko plazara gerturatuko dira parte hartzaileak, dantzariekin batera emanaldia eskaintzeko. Bukatzeko, bazkari legea egingo dute 14:30ean El Gallinero txokoan.
Parte hartzeko urtarrilaren 13a baino arinago izena eman beharra dago, e-mailez edo whats-appez. Hona kontaktua: maiteazcona01@gmail.com e-mail helbidea eta 630 97 54 70 telefono zenbakia.
Eguneko partiturak hemen dituzue eskura.