Tuterako txistulariek eskuak bete lan

Argazkiak: Tuterako Txistulariak – Txistu Eskola eta Tuterako Txistulari Lehenengoak.

Eguberriak eta Olentzero tarteko, eskuak bete lan ibiltzen dira txistulariak han eta hemen. Tuteran hala dabiltza egunotan, bertako bi txistu taldeak: Tuterako Txistulariak-Txistu Eskola eta Tuterako Txistulari Lehenengoak. Batzuk, adinekoen egoitzetan izan dira kontzertua eskaintzen eta besteak, eskualdeko hainbat herritan Olentzero laguntzen.

Ohitura hartua dute Tuterako Txistulariak – Txistu Eskolako kideek Eguberri garaian herriko adinekoen egoitzetara bisita egiteko. Hitzordua Gabonak hasi aurreko igandean izan ohi dute, eta hala egin dute aurtengoan ere. Txistu doinuak zabalduz kale buelta egin eta adinekoen egoitzetara joaten dira txistulariak. Adineko pertsonei eskainitako kontzertua ematen dute egun horretan. Horren erakusgarri, sarean jarritako bideo hauxe:

Bideo gehiago hemen.

Herriz herri

Tuterako Txistulariak Lehenengoak taldeko partaideek eskualdeko zazpi herritan jotzen dute Olentzerorekin batera. Ikazkinari laguntzeko bira hau abenduaren 19an hasi zuten Castejon herrian. Hurrengo egunean Ribaforadan izan ziren. Hilaren 21ean Buñuelen izan ziren gabon kantak jotzen. 22an Zintruenigon eta 23an Corellan kalejira eskaini dute. 24an berriz, goizeko 12etan Fustiñanan izango dira eta arratsaldeko 7etan Tuteran.

Buñuelen, antolatzaileek beren esker ona eta aitortza eskaini zioten txistulari taldeari, Olentzeroren irudi bat oparituz.