Beltran eta Irigoien, Soinueneak Eguberrietarako prest duen egitarau oparoan

Oiartzungo Soinueneak eskaintza ederra osatu du Eguberrien karietara. Juan Mari Beltran eta Peio Irigoien txistulariek parte hartuko dute, besteak beste.

Dantza plazan, kantu merendola, kale buelta, erromeria,… eskaintza zabala atondu du Soinuenea fundazioak egun hauetarako. Euskal kultura eta herri musika ardatz duen elkarteak egitarauaren barruan Juan Mari Beltran eta Peio Irigoien txistulariak izango ditu. Ekitaldi guztiak Oiartzunen (Gipuzkoa) izango dira.

Egitaraua

Abiatzeko, abenduaren 22an Hernaniko Musika Eskola publikoan sortu berri den Hernaniko Jazzbana taldeak bere aurreneko dantza plazan eskainiko du. Dantza gidaria lanetan Lorena Zalakain izango da. Hitzordua Doneztebe plazan izango da eguerdiko 12etan.

Hurrengo egunean, Abaraxka ludotekan familian kantatzeko saioa antolatu dute: kantu merendola. Musika Itziar Navarro abeslari eta gitarra joleak jarriko du. Ekitaldi parte hartzailea arratsaldeko 5etan hasiko da.

Abenduaren 26an erraldoi txikiak dantzatzeko tailerra eta kale buelta egingo dute Elizalde auzoan. Musika Peio Irigoien txistulariak jarriko du. Zita 11:30ean Doneztebe plazan izango da. Arratsaldeko 5etatik aurrera berriz, leku berean, familian dantzatzeko erromeria eskainiko dute Antzizar, Otamendi eta Letamendia hirukotea.

Familiei zuzenduriko beste ekintza bat izango da abenduaren 27an Juan Mari Beltranen eskutik bisita gidatua izango da aukeran Soinuenean bertan, arratsaldeko 5etan.

Abenduaren 28an formakuntza ikastaroa emango dute Ttakun 3.0 programan trebatzeko. Programa honek txalapartarako partiturak sortu eta irakurtzeko aukera ematen du. Proiektua Juan Mari Beltranek, Julio Abaskal EHUko irakasleak eta Gorka Montero informatikariak sortua da. Saioa 10:30etatik 13:00etara izango da eta parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago  artxiboa@soinuenea.eus helbidean.

Egitaraua urtarrilaren 4an bukatutzat emango dute Herri danborradaren bigarren saioarekin. Bertan danborrekin  batera aurreko saioan sortutako marakak, kalakak eta kanaberak erabiliko dituzte parte hartzaileek. Gidari lanetan Oiartzungo HM Eskolako herri perkusio irakasle Jon Patxe arituko da. Emanaldia Soinueneatik abiatuko da arratsaldeko 5etan.