Pirineoen magalera eramango ditu entzuleak Bilboko Udal Txistu Bandak

Argazkia: Asier Bastida – La Caja Gris

Euskalduna Jauregiko kontzertu denboraldi berria aurkeztu du Bilboko Udal Txistu Bandak. Oraingoz, abendurarteko eskaintzaren berri eman du Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen taldeak. Pirineoen magalean izenburupeko folk kontzertuarekin ekingo diote urriaren 10ean.

2019/2020 denboraldiko lehen kontzertua folk estiloan emango du Bilboko Udal Txistu Bandak. Emanaldiak Euskalduna Jauregiko kontzertueei hasiera emango dio urriaren 10ean. Txistulariekin batera akordeoia, gitarra, baxua eta perkusioak izango dira entzungai Aitor Furundarena, Iñigo Eskubi eta Gorka Eskauriaza musikarien parte hartzearekin. Tradizioa eta doinu berriak uztartuko dituen ekitaldiak Prineoen magalean izenburu iradokitzailea izan du.

Doinu berriak David Rivas (Zamora, Espainia, 1980) musikagilearen sorkuntzak izango dira. Ibilbbide oparoa egina du Rivasek musika talde, musika banda eta orkestra sinfoniko ezberdinekin. Antzezlan eta laburmetraietarako ere sortu ditu doinuak musikari espainiarrak.

Gainerako doinuak herrikoiak edo eta Kepa Junkerak sortutakoak izango dira. Moldaketa lanetan, Juan Luis Roig eta Rivas bera aritu dira.

Kontzertuko egitaraua

¤Dantza prima David Rivas

¤Zure begirada David Rivas

¤Udazken hartan David Rivas

¤Bertso Herri-doinua

¤Eguzkia ere altxatzen da David Rivas

¤Bralea Herri-doinua

¤Gau hotza David Rivas

¤Alemanak Herri-doinua

¤Zortziko David Rivas

¤Oroitzapen tristea David Rivas

¤Kontradantza eta amaiera David Rivas

¤El tío Babú Herri-doinua

¤Bolero de Algodre Herri-doinua

¤Odolaren boza Kepa Junkera/Ibon Koteron

¤Fasio/Lurra terra Kepa Junkera

¤Zolloko San Martinak Kepa Junkera

¤Anbototik Oizera Kepa Junkera

Denboraldia

Abendura arte, Euskaldunan izango diren emanaldiak aurkeztu dituzte Bilboko udal txistulariek. Bigarren emanaldia, ohikoa bihurtu den Iruñeako Goi Mailako Kontserbatorioko txistu ikasleen bisitarekin etorriko da urriaren 21ean. Azaroaren 14an, berriz, udal txistulariak banda tardizionalaren formatuan jardungo dute. Araba Txistu Banda talde gonbidatuak eskainiko hurrengo emanaldia azaroaren 27an. Ohiko gabon kontzertuarekin itxiko dute urtea, ondoan Ahotsak abesbatza eta ipuin kontalaria izango dituztela, abenduak 18 egun dituenean.