Euskal Herriko zazpi txistu talde batuko ditu Udazken txistu taldeak larunbat honetan Zornotzan. Irailaren 21eko hitzordu honek, 19. edizioa izango du aurtengoa.
19 urte daramatza Zornotzako Txistu Eguna antolatzen Udazken txistu taldeak. Aurtengoan, irailaren 21a aukeratu dute hitzordurako. Bizkaiko herrian zazpi txistu talde elkartuko dira Bermeoko Kankinkabara, Durangoko Jaizale, Eibarko Usartza, Iruñeko Larriberri, Lekeitioko Itxaropena, Urduñako Getxa Goi eta noski, Zornotzako Udazken.
Arratsaldeko 5etan elkartuko dira txistulariak eta talde bakoitza herriko ingurune baten jardungo du, txistu doinuak herri osora zabalduaz. Ogenbarrena, Gane, Ixer, Sabino Arana, Zubibitarte, Zubipunte, Bizkaiko Etxebizitzak, San Juan, Santa Ana eta Andrandi auzoetatik ibiliko dira.
Ondoren, 6etan, talde guztiak elkartu eta batera arituko dira kalez kale, zenbait geldialdi egin eta kontzertu txikiak eskainiz bertan. Txistuari bestelako musika tresnak elkartuko zaizkie orduan: tronpetak, tuba, saxoa eta akordeoia. Ibilbidea honakoa izango da: Zelaieta Zentroa, Udaletxea, San Pedro kalea, San Miguel kalea, Gernika Plaza (kontzertua), Andra Mari Plaza (kontzertua), Ibaizabal kaletik Ogenbarrenara (kontzertua), Gudari kalea, Venecia kafetegi ingurua (kontzertua), Harrison (kontzertua), Luis Urrengoetxea, Euskal Herria Plaza (kontzertua) eta Kalbario Plaza (kontzertua).
Asteburuan Ogenbarrena auzoko jaiak direla probestuz, arratsaldeko 7ak aldera emanaldia eskainiko dute bertan.