Iñigo Castellano, Patxi Laborda eta Laya dantza taldeak elkar lanean soka dantza bat sortu dute. Xedea dantza berria Tuterako Barazkien festan txertatzea izango da. Musikaren ardura Sabin Bikandi galdakaoztarrar txistulariaren gain izan da.
Tuterak (Nafarroa) faltan zuen soka dantza sortu dute Iñigo Castellano, Patxi Labordak eta Laya dantza taldeak. Castellano eta Labordak koreografiak osatzeko langintza bete dute. Musika kontuak berriz, Sabin Bikandiren eskuetan izan dira.
Sortzaileek soka dantza “berezia” ondu nahi izan dute eta horretarako jotaren erritmoa eman diote bereizgarri gisa. “Sinesgarria izateko edo bertan errotzeko, hemengo erritmo eta moduak behar ditugu” adierazi dio Castellanok Berria egunkariari elkarrizketan. Koreografia irekia dela eta inprobisaziorako lekua utzi dutela ere azaldu du.
Tuterako sokadantza gaur bertan (irailaren 12a) estreinatuko du Laya dantza taldeak 20.30ean Tuterako Plaza Zaharrean. Estreineko emanaldi hau gora behera, egileen nahia maiatzean ospatzen diren Barazkien Jardunaldien baitan ematea da.
Musika
Doinua Sabin Bikandiren sormen lana izan da. Erriberako askotariko errealitatea kontuan hartuta instrumentazioa ere bide horretik joan da: gaitak, gitarra, mandolina, buzokia, biolina, xirula, txistua, akordeoia eta danborra entzungo dira.
Dantzaren ezaugarriei buruz gehiago jakiteko, irakurri dantzan.eus web-guneko albiste hau.