Mende erdia beteko du Tafallako Txistu Alardeak

Abuztuaren 18an ospatuko da Tafallan (Nafarroa) 50. Txistu Kontzertua. Txistulariak mende erdia beteko duen emanaldian parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek.

Ibilbide oparoa osatu du Tafallako Txistu Alardeak, aurten mende erdia beteko baita lehenengoz ospatu zela. 1970eko abuztuaren 16an izan zen emanldi hori, Garay maisuaren zuzendaritzapean. Aurtengoa, berriz, abuztuaren 18an egokitu da, foru plazan eguerdiko ordu batean. Antolatzaileek txistulariak parte hartzera deitu dituzte. Kontzerturako entseguetan murgilduta jada, abuztuak 10 arte izango da izena emateko aukera.

                                                                                                                       Tafallako lehenengo Txistu Alardeko afitxa eta berria

Entseguak

Kontzertua prestatzeko jada bi entsegu eginak dituzte, hurrengo hitzorduak honakoak dira: gaur, abuztuaren 7a, eta hilaren 12an arratsaldeko 7etan kultur etxean; eta kontzertu egunean, abuztuak 18 alegia, goizeko 9:30ean udaletxeko areto nagusian.

Izen ematea

Izen emateko acortijy@gmail.com e-mailera mezua bidali beharko da honako informazioa emanez: izen abizenak, herria, kontakturako telefonoa eta zein ahots (lehenengo txistua, bigarrena edo silbotea) adieraziz. Beharrezkoa da baita ere, kontzertu ostean izango den bazkarian parte hartzeko nahia edo ez adieraztea. Bazkaria 14:30ean izango da Alkartetxean eta dohainekoa izango da parte hartzaileentzat. Gainerakoek 20€ ordaindu beharko dute eta adin txikikoak salbuetsita egongo dira. Edozein kasutan, aurrez izena eman beharra izango da, epea abuztuaren 10ean agortuko delarik.

Errepertorioa

Egunean joko diren partiturak eta horiek prestatzeko audioak honako loturan dituzue eskuragai.

  1. Elizondo (Biribilketa) … P. H. Olazaran
  2. Agurra … Ezezaguna / Ismael Yague
  3. Amaiur … Joaquin Iruretagoiena
  4. Goxokiak … Iñaki Otaño
  5.  Zirkoren sonatatxoa … V.Reman / J.I. Ansorena
  6. Batelarien zortzikoa … Ezezaguna / J.I. Ansorena
  7. Tafalla … Fermin Balentzia / X. Barriola
  8. Baldorba … Benito Lertxundi / Ismael Yague
  9. Tiko-tiko … Zequina d Abreu / X. Zabala
  10. Baltsa … Ismael Yague
  11. Rythm & music for txistu … Karlos Sanchez Ekiza
  12. Aurrera Altsasu … Jon Maia – Jokin Reparaz / Karlos S. Ekiza
  13. Pilindros … Silvano Cervantes
  14. Gernikako Arbola … J.M. Iparragirre
  15. Agur jaunak … Mold. K.S. Ekiza