Txistulari elkarretaratzea egingo dute Tuterako jaietan

Uztailaren 28an, txistulariak Tuteran elkartzeko deialdia egin dute. Omenaldia, kalejirak eta bazkaria antolatu dituzte Beterri elkarteko kideek, Tuterako Txistu Eskola, Mugarik Gabeko Txuntxuneroak eta Tuterako Txistulariak Lehenengoak taldeen laguntzaz.

Txistularien bilgune bihurtu nahi dute Tutera (Nafarroa), herriko jaien karietara, uztailaren 28an. Horretarako, deialdia egin eta eguneko programa aurkeztu dute antolatzaileek. Lan horretan Beterri elkartea aritu da, Tuterako Txistu Eskola eta Lehenengoak txistu taldearen laguntza eta Mugarik Gabeko Txuntxuneroen parte hartzearekin. Eguna, Luis Maria Vital zangoztarra omentzeko baliatuko dute.

Egitaraua

Goizeko 10:30ean Beterri elkartearen egoitzan ongi etorria eskainiko diete parte hartzaileei, hamarretako batekin batera. Familia argazkia egin ondoren, omenaldia egingo diote Luis Maria Vital musikariari 11etan. Ordu bat beranduago, kalejirari ekingo diote. Bidean poteoa ere egingo dute txistulariek, ordu bietan Tuterako Kasinoan bermuta egingo dutelari. Jarraian, San Jaime plazan erraldoien konpartsarekin bat egingo dute, kalejiran Udaletxeraino lagunduz. Azkenik, bazkaria izango dute partehartzaileek Remigio hotelean. Bazkalostean, beste omenaldi bat eskainiko diote Luis Maria Vitali eta musikari lekua egingo diote baita.

Errepertorioa

Emanaldia Fa#ko txistuekin izango da. Besteak beste pieza hauek joko dituzte txistulariek: Alborada, Elizondo, Ikusi Mendizaleak, Udaberriko lore politena, Hego Haizea, Diana 4 (La gacela), Agur Xiberua, Trintxerpe, Kinkirrinera, Gurea da , Egun da Santimamiñe. Pamplonas, Jota de Estella,gau ibilera, Zazpi jauzi, Valcarlos, Txapeloaz, Tolosa Inauteriak,Porrusalda de Baztan… Erraldoiekin Trintxerpe biribilketa eta Don Martin baltza egingo dituzte.

Partiturak hemen dituzue eskura.

Izen ematea

Antolatzaileek, ahal dela, parte hartzaileei txuriz jantzita eta zapi, zein gerriko gorriarekin etortzea eskatzen diete. Izen ematea uztailaren 26a baino arinago egin beharra dago telefonoz: 646431711  655890965,  edo e-mailez: murtxante@gmail.com – txuspa@tudela.com.

Txistulariek bazkaltzeko 5€ ordaindu beharko dute, gainerakoek 20€.