Olagain Txistu Taldeak jaietako txupina botako du bere 40. urteurrenean

Andoaingo Olagain Txistu Taldeak San Juan jaietako txupina jaurtikitzeko ohorea izango du aurten. Preseski, taldeak 40 urte betetzen dituenean.

Urte berezia da aurtengoa Andoaingo (Gipuzkoa) Olagain Udal Txistu Taldeko kideentzat, taldeak 40 urte betetzen baititu. Hori dela eta, San Juan jaietako txupina botatzeko ohorea izango dute txistulariek. Txupinarekin batera pregoia idazteko enkargua ere jaso dute. Idatzia ekainak 21ean irakurriko dute arratsaldeko 7etan eta ondoren txupina piztuko dute. Ospakizunari ezin musika falta eta, 22an kontzertua eskainiko dute arratsaldeko 8etan.

Txistulari taldea, herriko bizitza eta festetan aktiboki aritu da azken 40 urteotan, eta noski, bide beretik joango dira 2019ko San Juanetan. Ekainaren 23an kalejira egingo dute, Zumea plazatik hasi eta Goiko Plazan bukatuz. Bertan eskainiko dute San Juan zortzikoa ondoren, 22:30ean, suak piztuko direlarik. Ginga hurrengo egunean jarriko dute, 24an, eguerdiko 12etan Axeri dantza emango baitute txistulari eta dantzariek.

Eskertza

Olagain Udal Txistulari Elkartekoek 40 urte hauetan taldea bizirik mantendu duten kide guztiei esker onak adierazi nahi izan diete urteurrenaren karietara. Baita instituzio eta elkarteei ere txistulariei bere lana egiten laguntzeagatik eta Andoaingo herriari oro har, maitasun keinu eta abegikortasunagatik.

Taldeak bere historia bilduz honako artikulua plazaratu du.