Jose Luis Ansorena omenduko du 47. Musikastek

Argazkia: German Ormazabal, Elene Arandia eta Garikoitz Mendizabal.

Gaur hasiko da, maiatzak 17,  Musikasteren 47. edizioa. Zendu zela hilabete eskasera, sortzaile izan zuen Jose Luis Ansorenari eskainia izango da musika jaialdia. Hilak 25era bitartean Errenterian, musikagile klasikoak berreskuratu eta garaikideak bultzatuko ditu Eresbilek atondutako egitarauak.

Jose Luis Ansorenak sortutako Musikaste jaialdia abian jarriko da gaur. Eresbilek maiatzaren 17tik 25era bitarte, egitarau anitza prestatu du Errenterian (Gipuzkoa) egingo den jaialdirako. 47. edizio hau, ezin bestela izan, Jose Luis Ansorenari eskaini nahi izan diote antolatzaileek. Jaialdiaren xedea, euskal musikagileei bultzada ematea da, “batez ere bizirik direnei”. Horrekin batera, klasikoak berreskuratzea ere izaten dute jomuga. 10 emanaldi antolatu dituzte, horietatik 6 musikagile garaikideei dagokie eta gainerakoak klasikoei.

Iaztik helburu hartu du Eresbilek emakume musikagileen lana ikustaraztea. Ia kontzertu guztiek emakume musikagileren lan bat behintzat eskainiko dute. Jon Bagues, Eresbileko buruak, aurtengoa “bizkaitar kutsua” izango dela aurreratu du. Izan ere, gogora ekarriko dute Joaquin Ojinaga musikagile bilbotarra eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak musikagile bizkaitarren obrekin osatutako kontzertua emango baitu.

Txistua presente

Garikoitz Mendizabalek kontzertua eskainiko du, maiatzaren 23an, Elene Arandia abeslaria eta German Ormazabala piano jolearekin elkar lanean. Emanaldiak egitarau anitza izango du, herrikoiak bihurtu diren hainbat kanturekin batera lan garaikideak eta klasikoak izango dira entzungai. Emanaldia, Naji Hakim txistu eta orkestrarako sortutako Kontzertuarekin hasiko dute, duela egun gutxik Garikoitzek Libanon estreinatua. Tomas Garbizu, Jose Ignazio Ansorena, Xabier Lete, Juan Carlos Perez, Benito Lertxundi eta Eduardo Gorosarriren doinuak entzungo dira kontzertuan. Hitzordua Niessen kulturgunean izango da 20:00ean. Kontzertuko egitaraua hemen duzue.

Horrezgain, maiatzaren 19an Errenteriako Udal Txistulari Bandak diana goizeko hamarretan eta kontzertua 12etan eskainiko du herriko plazan.

Jaialdiko programa osoa hemen duzue eskura.

Informazio osatuena web gune honetan duzue.