Jose Luis Ansorena joan zaigu, bizitza bat musikari emana

Atzo, maiatzaren lehenean,  zendu zen Jose Luis Ansorena Miranda (1928, Donostia). Kurrikulum luzeko musikaria, Euskal Herriko Txistulari Elkartera estuki lotua, Eresbileko sortzailea izan zen besteak beste. Hileta elizkizunak maiatzaren 4an izango dira Donostiako Okendo kaleko Kaputxinoenean.

Musikari bizitza oso bat emana joan zitzaigun atzo, maiatzaren 1ean,  Jose Luis Ansorena Miranda donostiarra. Gaur betetzekoa zen 91 urte Eresbil euskal musikaren artxibategiaren sortzailea. Bere hastapenak, txistuari lotuak izan ziren, ezin bestela izan, bere aita Isidro Ansorena, Donostiako Udal Txistu Taldearen zuzendaria izan baitzen.

Abesbatzen munduan buru belarri aritu zen San Antonio haur abesbatza sortuz eta Andramari abesbatzeko zuzendaria izan zen besteak beste. Organo eta piano jole, hamaika sari eta omenaldi jasoak ditu. Errenterian plaza bat eskaini zioten, kronika honetan jaso genuen bezala. Txistulari aldizkariko 252. alean, Itziar Busselok Xiria pasa artikulua eskaini zion, adibidez.

Musikaste eta bestelako ekimenetan buru belarri aritutakoa, lan eskerga egin du euskal musikaren eta musikagileen zabalkundean, azterketan eta bilketan.

14 urterekin Kaputxinoen apaiztegian sartu eta 1953. urtean apaiztu zen Ansorena. EHTEn lan erlijiosoa egin zuen baita.

Prentsan

Jose Luis Ansorenaren heriotzaren albistea horrela jaso dute egunkariek:

Berriak albistea bere gaurko azalera erman du eta barruko orrialdeetan artikulu zabala eskaini dio. Interneteko bertsioan, aurretik egindako zenbait elkarrizketari lotura topatuko duzue: Berria.

Oarsoaldeko Hitza lehenetarikoa izan zen berria zabaltzen albiste honetan. Berria osatzeko, Errenterian jaso zuen omenaldiko argazki ugari dituzue ikusgai bertan.

Diario Vascok horrela jaso du albistea bere webean. Albistea zabal landu du egunkari honek, argazkiz horniturik eta Jon Bagues, Eresbileko buruak, eginiko adierazpenak ekarriz.

Gara egunkariak ere eman du berria, horrela irakur daiteke Naiz web gunean. Azpimarratzekoa Gipuzkoako Diputazioaren adierazpenak ekartzen dituela, esker oneko hitzak, Jose Luis Ansorenaren lana goraipatuz.

Eitb-k bere web gunean eta Diario de Noticias de Gipuzkoak berri paperak ere eman dute albistea.

Bestetik, Gipuzkoa Digitalek Errenteriako omenaldiaren bideoa plazaratua du hementxe.

Hileta

Jose Luis Ansorena azken urteotan Iruñean bizi izan zen, baina Errenteriara oso loturik beti. Horregatik, bere hil-kapera Errenteriako Udaleko areto nagusian izango da 18:30etatik 20:30etara. Ehorzketa berriz, Donostiako Polloe hilerrian izango da ostiralean, maiatzak 3, eguerdiko 12etan. Azkenik, hileta elizkizunak Donostiako Okendo kaleko Kaputxinoen elizan izango dira arratsaldeko 7etan.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak bere dolumiak adierazi nahi dizkio Jose Luis Ansorena Minerren sendiaria.