Demetrio Iriarteren inguruko web gune monografikoa sortu dute

Argazkia: Demetrio Iriarte ezkerretik lehena.

Web orrialde batean bildu dute Demetrio Iriarte txistulari eta musikagilearen bizitza eta obra. Biografia, partiturak, bideoak, argazkiak eta audioak kontsulta daitezke Aretxabaletako Argazki taldea, Txistulari taldea eta Udalak elkarlanean osatutako atarian.

Demetrio Iriarte Mujika  Oñatin jaio zen 1915ean eta zendu, 1997an Aretxabaletan. 2015ean bere jaiotzaren 100.urteurrena betetzen zelarik, Aretxabaletako Udala, Txistu Taldea eta Argazki Taldea elkarlanean hasi ziren. Emaitza, Iriarteren obra eta bizitza jasotzen dituen web gunea izan da. Xedea “Iriarteren lanak ezagutaraztea, hark txistuaren munduari bereziki eta musikari oro har ekarritakoa omentzea eta, batez ere, bizitzea egokitu zitzaion garai latz hartan egindako ahalegin eta lan handia eskertzea” izan da.

Guneak, hiru atal ditu: lehenean, biografia jasotzen da; bigarrenean, partiturak generoaren arabera sailkatuta; eta, hirugarrenean, argazkiak, bideoak eta bere obra zenbaiten grabaketak.

Web gunea helbide honetan bisitatu daiteke: demetrioiriarte.epizy.com.