EHTEk ekitaldi berezia prestatzen dihardu apirilaren 9rako Donostiako Tabakaleran. Txisturako Konposizio Lehiaketako sari ematea eta aurtengo txapelketarako berritasunak aurkeztuko dira bertan, zuzeneko musika tartekatuz.
2018ko Txisturako Konposizio Lehiaketako sari ematea, aurtengo txapelketaren aurkezpena eta zuzeneko musika uztartuko ditu EHTEk ontzen ari den ospakizunak. Emanaldia apirilaren 9an izango da Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Klub aretoan 19:30ean. Antolatzaileek berebiziko garrantzia eman nahi diote ekitaldiari.
Sari banaketa
Iazko lehiaketako lehenengo saria Francisco Dominguez Robles Actually not! musika lanaren egileak eskuratu zuen. Dominguez berak jasoko du garaikurra Tabakaleran, 1.500€ko diru sariaz gain. Musikagilea Austrian bizi da egun, bertan konposizioaren inguruko master bat egiten baitabil Beat Furrer irakaslearekin. Dominguez, biola goi-mailako titulua eskuratu zuen eta ondoren 2016an, Gabriel Erkoreka maisuaren eskutik, goi-mailako konposizio titulua, biak hala biak, Musikenen. Helmut Lachenmann,Ramon Lazkano eta Hector Parraren eskolak ere jasoak ditu.
Gabriel Erkoreka konpositore ezagunak; Aitor Furundarena soinujole, Musikeneko irakasle, musikagile eta EHTEko bazkideak; eta, Jagoba Astiazaran konpositore eta txistulariak osatu zuten epaimahaiaren erabakiaren berri albiste honetan jaso genuen xehe.
Actually not! obra saritua berriz, non eta Alemanian estreinatu zen, Jon Ansorena txistulariaren eskutik, kontakizuna berriz, Leire Goñi kazetari eta txistulariak egin zigun honako kronika honetan.
Zuzeneko musika
Apirilaren 9ko ekitaldian musikak leku garrantzitsua izango du, hainbat estilotako obrak joko direlarik. Aurreratu dezakegunagatik 2017ko lehian saritutako obra bat eta aurtengo irabazlearen beste obra bat izango dira entzungai, besteak beste.
Musikariei dagokionez Jon Ansorena, Jagoba Astiazaran, Peio Irigoien eta Gorka Zabaleta txistulariak, Maria Zubimendi akordeoi jole eta Gorka Catediano perkusio jolearekin arituko dira.
Lehiaketa berria
Ospakizunak, aurtengo Txisturako Konposizio Lehiaketaren aurkezpena ere bilduko du. 2019koak berrikuntzak dakartza berarekin eta horiek aletuko dituzte ekitaldian. Aurkezle lanetan Leire Goñi jardungo du. Aurrerago zehaztasun gehiagoren berri emango dugu.