Txisturako konposizio lehiaketak nazioarteko txapeldunak ditu

Bigarren Txistu Konposizio Lehiaketako irabazleak jakinarazi berri ditu epaimahaiak. Sariak Vienara (Austria) doaz, Francisco Dominguez Robles espainiarrak lehen saria eta Otto Wanke austriarrak bigarrena eskuratu baitute.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak bigarren urtez antolatu du Txisturako Konposizio Lehiaketa. Irailaren 1ean itxi zen obrak aurkezteko epea eta epaimahaiaren deliberazio garaia ireki. Erabakia berriz, orain heldu da,  FranciscoDominguez Robles (Ciudad Real, Espainia 1993) izendatu dute garaile Actually Not! musika lanarekin. Bigarren, aldiz, Aer izenburupeko obra izan da, Otto Wankek (Viena, Austria1989) sinatua. Bi musikagileak Austrian bizi dira egun.

Gabriel Erkoreka konpositore ezagunak; Aitor Furundarena soinujole, Musikeneko irakasle, musikagile eta EHTEko bazkideak; eta, Jagoba Astiazaran konpositore eta txistulariak osatu dute epaimahaia. Obra gehienak Euskal Herritik eta Espainiatik aurkeztu badira ere, Erresuma Batutik zein Austriatik ere jaso dira zenbait lan, lehiaketari nazioarteko kutsua emanez. Lan guztiotatik epaimahaiak bi aukeratu ditu, eta eman gabe utzi du txistu banda tradizionaleko obra onenari eskainitako sari berezia.

1.Saria

Lehenengo sarirako Actually not! musika lana aukeratu dute epaileek. Egileak, Francisco Dominguez Robles espainiarrak 1.500€ jasoko ditu. Musikagilea Austrian bizi da egun, bertan konposizioaren inguruko master bat egiten baidabil Beat Furrer irakaslearekin. Dominguez, biola goi-mailako titulua eskuratu zuen eta ondoren 2016an, Gabriel Erkoreka maisuaren eskutik, goi-mailako konposizio titulua, biak hala biak, Musikenen. Helmut Lachenmann, Ramon Lazkano eta Hector Parraren eskolak ere jasoak ditu.

jose dominguez robles bilaketarekin bat datozen irudiak

Ciudad Realeko musikaria hainbat aldiz saritua izan da. Francisco Escudero Nazioarteko Konposizio Lehiaketako lehen saria erdietsi zuen zazpigarren edizioan, bigarren saria berriz Durango Hiria nazioarteko sariketako zortzigarren edizioan, Nooa Projekt lehiaketako lehen edizioan ere sariatua izan zen eta azkenik Juan Crisostomo Arriaga Ohorezko Aipamena lortu zuen SGAEk musikagile gazteei zuzendutako lehiaketaren 26. edizioan. Lotura honetan duzue konpositorearen obra bat entzungai.

2.Saria

Bigarren saria, ere, Vienara joan da, Otto Wankeri egokitu baizaio, Aer izeneko obran erakutsitako dohaiengatik. Diru saria, kasu hoenetan 1.000€koa izan da. Wankek jazz konposizio ikasketak burutu zituen Pragan, gero ikasketa klasikoak eta filme eta elektroakustika musikan konposizio ikasketak Vienan osatu zituen. Jotzaile gisa pianoa eta baxua ditu musika tresna. Lotura honetan, bere lanaren hiru adibide dituzue bideo formatuan.

Otto Wanke bilaketarekin bat datozen irudiak

Hainbat nazioarteko sari eskuratutakoa da Grezia, Alemania eta Austrian. Bruno Liberda, Paul Gulda, Wolgang Mitterer eta Cristoph Cech bezalako artista garrantzitsuekin elkarlanean aritutako da.

Irabazle izan diren obrak, aurreko lehiaketan egin gisan,  Txistulari aldizkarian argitaratuko dira.