Zukan hirukoak bidean du lehen diskoa

Argazkiak: Galder Izagirre

Jon Ansorena, Maria Zubimendi eta Gorka Catedianok osatzen duten Zukan hirukoak, diskoa grabatu du. Txistua, akordeoia eta perkusioak uztartuz sei obra bilduko dituen lana, martxoaren 2an aurkeztuko dute kontzertuan. Gabriel Erkoreka, Isabel Urrutia eta Jagoba Astiazaranen lanak erregistratu ditzute diskoan, besteak beste. 

Euskal Herriko Goi mailako Kontserbatorioan, Musikenen, egin zuten topo Jon Ansorena txistulariak, Maria Zubimendi soinujolea eta Gorka Catediano perkusio joleak. Musika garaikideak elkartu zituen musikariok, taldea osatzea erabaki zuten 2014an. Formazioa hiru bakarlari, hiru bikote eta hirukote bat bezala azaltzen dute, talde berak zazpi aukera ematen dituelarik.

Baina hasieratik arazo bati aurre egin behar izan zion Zukanen proiektuak, formazio horrentzako obra orijinalen falta. Gabezia hori birtute egina, taldekideek taldea ezagutarazi eta musikagileak erakartzeari ekin zioten, Zukanentzat musika idatz zezaten. Lau urteren buruan taldearentzat 15 musika lan idatzi dituzte 13 musikagile ezberdinek.

Diskoa

Hautapen bat egin eta 2018ko uztailean zehar 6 obra grabatu zituzten Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan Juanan Ros soinu teknikariarekin. Orain, lanaren azken zertzedalekin daude musikariak, izan ere ekoizpen guztia hirukoaren esku egon da. Diskoak martxoan ikusiko du argia, eta horretarako, autoekoitzitako lanaren aurkezpen kontzertua prestatu dute martxoaren 2rako Donostiako Tabakaleran.

Gabriel Erkoreka, Isabel Urrutia, Magnus Lindberg, Mikel Chamizo, Francisco José Dominguez eta Jagoba Astizaran musikagileen obra banarekin ondu du bere lehen diskoa Zukan hirukoteak. Sei obra hauek talde honentzat presezki idatziak izan dira. Lanak Soinuzko begiradak izango du izenburu.

Musikariak

Jon Ansorena

Hernani, 1992. Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan ikasi zuen, eta ondoren, Musikene – Euskal Herriko goi-mailako musika-ikastegian, Aitor Amilibiarekin. Horrez gain, bere prestakuntzarako erabakigarriak izan dira interprete handi batzuek emandako klaseak; hala nola, Iñaki Alberdi, Jabi Alonso, Jose Ignazio Ansorena, Sèverine Ballon, Miquel Bernat, Alfonso Gómerz edota Garth Knox.

Tradiziozko musika interprete lana tresnaren beraren eta errepertorio berritzaileagoren gaineko ikerketarekin partekatzen du. Donostiako Udalaren Txistulari Taldeko partaidea da gaur egun, eta, era berean, Euskal Herriko egungo musikarekin konpromisoan lan egiten duten hainbat elkarte eta erakundeetan hartzen du parten; esaterako, Musikagileak – Euskal Herriko Musikagileen Elkartea -, Euskal Herriko Musika Bulegoa

Bestelako formazio eta talderekin ere aritu da lanean: Silboberri, Ensemble XARE, Ciklus Ensemble. Eta hainbat jaialditan hartu du parte: Gargonza – Arts, Donostiako Musika Hamabostaldia, Bernaola Jaialdia, Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuitua edo Musikaste.

Maria Zubimendi

Zumaia, 1994. Miren Iñargarekin ikasi zuen, eta, ondoren, Musikene – Euskal Herriko goi-mailako musika-ikastegian, Iñaki Alberdirekin. Aurrerago, musika garaikidean espezializatutako master programa bat bukatu zuen nota altuenekin Basileako Musikhochschule FHNW zentroan (Suitza), maila handiko interprete handien tutoretzapean; hala nola, Mike Svoboda, Marcus Weiss edo Jürg Henneberger.

Hainbat jaialditan parte hartzeaz gain, hainbat sari irabazi ditu parte hartu duen nazio mailako nahiz nazioarteko lehiaketetan, eta horien artean nabarmentzen dira Erromako Concorso Internazionale di Firsarmonica Santa Cecilia sariketako aurreneko saria, International Akkordeon Wettweberb Klingenthal 2014 lehiaketako bigarrena edota Arrasate Hiria 2018 Nazioarteko Lehiaketako aurrenekoa.

Bakarka nahiz ganbera formazio ezberdinetan, ospe handiko interpreteen obrak estreinatu ditu: R. Lazkano, J.M. Sánchez–Verdú, M.E. Luc, S. Avramidou edo G. Moreno. Interprete bakarlari gisa egindako lanaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gonbidatuta jo du, eta kolaborazioan aritzen da Plural Ensemble, Zone Experimentale, Ciklus Ensemble, Tanar Quartet edo Akoncert Ensemble taldeekin.

Gorka Catediano

Miranda de Ebro, 1992. Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan ikasi zuen, eta Musikene – Euskal Herriko goi-mailako musika-ikastegian, Javier Alonso, Lorenzo Ferrándiz, José A. Trigueros eta Annio Domingorekin. 2018an ko (Herbehereak) Koninklijk Conservatorium zentroan master programa bat bukatu zuen nota altuenekin, ospe handiko interpreteen gidaritzapean; Hans Zonderop, Theun van Nieuwburg, Niels Meliefste, Pepe García eta Rob Verhagen.

IKKO Percussion Group, abangoardiako sorkuntzarekin konprometituta lanean aritzen den perkusio laukotearen sortzailea ere bada. Bakarlari moduan sariak eskuratu ditu Italy Percussion Competition, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa edo Muestra Musical Regino Sainz de la Maza lehiaketetan.

Kolaborazioan aritu da ondorengo taldeetan: Nederlands Philharmonisch Orkest, Residentie Orkest, Slagwerk Den Haag, ASKO|Schönberg Ensemble, Atlas Ensemble, Nederlands Blazer Ensemble, Bilbao Sinfonietta, Orquesta Verum, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa.