Txistulari aldizkari berriena txistuka heldu da

Txistulari 253 jada bazkideon etxean izanik, eskura duzue gaurtik aurrera gure web gunean. Txistuka Berria izenburupean, berrikuntzaz beteta etorri den alea inoiz baino multimediagoa izan da.

Aurreko alearen kontrako bidea egin dugu oraingoan. Lehenengo etxeetara heldu, eskuan izan eta ondoren webera ekarri dugulako. Arrazoia, gure bazkideek berrikuntzaz beteta zetorren ale berria sorpresaz jaso zezatela desio genuela. Hala izango al zen? Zuen iritziak ere jakin nahi genituzke, horretarako, gura duen orok idatz dezala komunikazioa@txistulari.eus helbidera.

Izan ere, diseinu berriak, atal berriek eta aldizkariak berekin zekarren CDak ezberdina bihurtu du ale hau. Elkarlanaren fruitua izan da emaitza, alde batetik Gasteizko Folklore Akademiaren Txistuka proiektuak eta Txistulari aldizkariak bat egin baitute. Partiturak irakurri, entzun eta musikaz lagunduta jotzeko aukera ematen du Txistuka Berria -Txistulari 253k, CDa play along aukerarekin grabatu baitzuten Roberto Alvarez txistulariak eta Jimmy Bidaurreta moldatzaile eta ekoizleak. Musika sarean ere entzungai da, youtubeko lotura honetan baituzue diskoa bere osotasunean.

Zabalkundea

Aldizkari berria aurkezteko prentsaurrekoa egin genuen Gasteizen, bertako udaleko, Folklore Akademiako eta EHTEko ordezkariekin. Prentsaurrekoa hemen ikus dezakezue. Albistea gure webean sartu genuen noski, hemen irakur deakezuen bezala. Beste hedabide zenbaitek ere jaso zuten berria: Euskadi Irratiak, Aleak (Berria egunkariaren Arabako gehigarria), Diario de Noticias de Alavak eta Gasteiz Hoy-k adibidez. Gasteizko Guridi Kontserbatorioak eta Folklore akademiak beren web guneetan jarri dute albistea.

Edukien aurkibidea ikusgai eta aldizkari osoa pdf formatuan jeisteko aukera* hemen duzue.


*Edukiok jeisteko EHTEko bazkidea izan eta web gunean erregistratuta egon beharra dago.

Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era. Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.

Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eus-era