Bagara nor prentsan

Saiatu eta saiatu arren, prentsa oharrak bidali eta bidaliagatik ere, zaila egiten zaigu prentsa orokorrean lekutxo bat egitea. Aste honetan, hirutan irakurgai izan ditugu gure musika tresnaren ingurukoak hiru berri paper ezberdinetan. Txistu mundua bada nor prentsan, noiz behinka behintzat.

Ez ditugu ikusten, nahi besteko maiztasunaz, txistu munduko ekimenak prentsan islatuta. Aste honetan, halakoagatik edo bestelakoagatik hiru kasurekin egin dugu topo. Bi elkarrizketa eta bitxikeria bat.

Lehena

Igandean, bi orrialdeko elkarrizketa zabala zekarren Berria egunkariak. Iker Tubia kazetariak solasaldi arraz interesgarria izan zuen Migel Anjel Sagasetarekin. Abiapuntu gisa, elkarrizketatzaileak, EHTEk eskaini omenaldia eta domina aipatzen ditu. Izenburu gisa, berriz, Sagasetaren hitzok dakartza: “apezak aldarera bezala ateratzen ziren Luzaideko dantzariak plazara”. Bere ibilbidea, txistuarekiko harremana, emakumeen parte hartzea dantzetan, bilketa lana, dantzen eboluzioa etb. dituzte mintzagai. Elkarrizketa interesgarria hau, hemen irakur dezakezue bere osotasunean.

Bigarrena

Egunotan, gure agendan, Gernikako Txistu Alardea izan dugu iragarrita. Kontzertua urriaren 6an izan zen, bezperan baina, Busturialdeko Hitzak, antolatzaile lanetan ibilitako Maiteder Olano txistulariari egin elkarrizketa argitaratu zuen. Olano Segundo Olaeta musika eskolako zuzendaria da eta alardearen ingurukoez berba egin zuen: “Herritarren artean eta eskualde mailan txistuarekiko interesa piztea eta suspertzea lortu nahi dugu alardeagaz. Orain da txistuari bultzada emateko momentua, alardeak lagunak egiteko eta guztiak elkartzeko aukera eskaintzen duelako.” Izan ere, aurten izan baita, Olanok azaltzen duenez,  Gernikako aurreneko txistu alardea. Gehiago jakiteko, baina, zer hobea Ane Marurik sinatutako elkarrizketa irakurtzea baino.

Bitxikeria

Borobiltzeko, Leire Goñi txistulari eta kazetariak gure jakingura piztu duen argazki bat helarazi digu. Argia astekariak, urriaren 7an kaleratutako aletik hartutako irudia da. Argiak badu Azoka izeneko atal bat, bertan produktuen salmenta egiteko aukera emateko. Salerosketaz gain, badu harpidedunei zuzenduriko doako produktu multzo bat.  Produktu horiek musutruk jaso ditu Argiak eta musutruk jartzen ditu bere bazkideen esku. Hara gure sorpresa, eskaintzaren artean txistu bat topatu dugunean!. Argiako bazkideek, bihar osteguna, goizeko 10etatik aurrera txistu bakar hori eskuratzeko aukera izango dute. Heltzen den lehenak eramango du txistua.Galderak airean geratu zaikigu: nork emango zuen txistua? nork eskuratuko du?

Argi dago behintzat, aste honetan, txistua, bada nor prentsan.