“Domina hau txistulari, musikari eta dantzari askorena da”

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak urrezko domina eskaini zion pasa den larunbatean, irailak 15, Migel Anjel Sagasetari. Txistularien doinuek, dantzarien dantzek eta Jean Mixel Bedaxagarren kantu hunkigarriek, Urdiain (Nafarroa) esker onerako topagune bihurtu zuten, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik jende andana bilduz festa giroan.

“Eskerrik beroena eta maitasun handiena”, EHTEko lehendakari Iñaki Egurenek hitzok esan eta Migel Anjel Sagasetari paparrean jarri zion domina. Momentuari doinu egokia paratu zioten txistulariek Euskal Musikaren Gorespena joz, txalo zaparrada baten erdian. Urdiaingo udaletxeko areto nagusia gainezka zen eguerdiko 12etako ekitaldian. Han ziren herritar, txistulari eta dantzariekin bat, Nafarroako Gobernuko Mikel Aranburu kontseilaria eta Dori Lopez kultura zuzendaria, Urdiaingo alkate David Oroz eta Luzaideko zinegotzi Migel Granada, Euskal Herriko Dantzarien Biltzarreko buru Joseba Altube eta Bizkai Euskal Folklor elkarteko kideak, eta omenduaren lagun eta senideak.

“Urte luzetako lana eskertzeko, xumea den, baina, EHTErako garrantzitsua den domina” emateko ekitaldia eskerrak emanez hasi zuen Iñaki Egurenek. Bertaratutako ordezkari eta herritarrez gain, gogoan izan zituen baita Ortzadar dantza taldea, Luzaideko bolantak eta Leitza eta Urdiaingo Txistulariak. Behin domina eskeinia, ohorezko kontrapasaren ostean heldu zen Migel Angel Sagasetaren hitzak entzuteko unea.

Omenduaren hitzak

Aita Migel, guztioi esker onak emanez hasi zuen bere mintzaldia. Gogoan izan zituen bere ” laguntzaile guztiak” izan ere,  Sagasetaren ekarpena “beraien testigantza baliosek” egin baitzuten posible. Transmititutako doinu eta dantzak “beraientzat altxorra ziren, eta dantzariak jainkotzat zituzten”. Ondare hori biltzea suposatu zionari buruz argia izan zen: “gozamen hutsa izan zen lan hori egitea”. Egungo egoerari heldu zion ondoren,”dantza horiek, Euskal Herrian herritartuak ikustea poza ematen du; dantzari eta txistularien obra da”.

Dominari buruz, “askorena da; txistulari, musikari eta dantzari askorena, Euskal Herri osoarena ere bada” azpimarratu zuen. Izan zuen hitzik bere jatorriarekiko ere “niretzako suerte handia izan zen baserri hartan sortzea, non txistua eta dantzak bere lekua izateaz gain estimatuak ere baiziren”. Oroitzapen eta esker oneko hitzez gain, etorkizunerako eskaerarik ere izan zuen, bere lana “jarraitzeko beharra” aipatuz bukatu baitzuen hitzaldia.


Oharra: egunak askorako eman zuen eta aurrerago, kronika batean bilduko ditugu hainbat zehaztasun, pasarte eta argazki, txistulari.eus web gunean.