Urretxuko Txistularien Kontzertu Nagusia irailak 22an izango da

Argazkiak: 2017ko Urretxuko Txistu Kontzertu Nagusia LIZARRITURRI

Lizarriturri txistu taldeak Urretxuko (Gipuzkoa) txistu kontzertu handia prest du jada, irailak 22an izango da hitzordua. Txistulariak ez dira bakarrik izango oholtzan, parte hartzaile zerrenda luzea dakarte antolatzaileek.

Urretxuko txistulariek ez diote kale egingo urteroko zitari, eta irailak 22 dituenean aurtengorako ondu duten Txistularien Kontzertua taularatuko dute Iparragirre plazan, edo eguraldia ez bada lagun, Aldiri kiroldegian arratsaldeko 7etan.

Lizarriturri txistu taldeak antolatu eta Urretxuko Udalak babesten duen ekitaldian, parte hartzaileak ugari izango dira. Txoko ezberdinetatik etorritako txistulariekin bat, Goiargi abesbatza eta Sekundino Esnaola eskolako haur abesbatza; Azpeitiako metal boskotea; Lurra eta Irrintzi dantza taldeak; Urretxu-Zumarragako bertso eskola; Uxue Kerejeta, Maddi Martin eta Gorka Ojanguren abeslariak; Asier Alkorta kitarrarekin, Jon Goenaga piano-jolea eta Patxi Urrestarazu baxua jotzen; Edurne Iturbe eta Andoni Oruesagasti trikitilariak; eta Iratzarri taldeko dultzaina joleak. Guztiaren zuzendari, berriz, Ibon Garmendia arituko da. Aurkezle lanetan, azkenik, Amaia Aranburu eta Jesus Mari Garralda.

Egitaraua

Txistu kontzertuan ondoko hamalau piezak izango dira entzungai: Xabier Zabalaren Herrimin, Isidro Ansorenaren Gutxi baina nerea, Benito Lertxundiren Loretxoa eta Gatibu taldearen Euritan Dantzan Xabier Zabalak moldatuak, Kepa Junkerak sortutako Fandangoa eta Xabi Solanoren Arin arina Jagoba Astiazaranen bertsioan, Zabalak ondutako Valsen Potpourria, Lertxundiren Muñagorriren Bertsoak Xabier Barriolak moldatuak, Ken7 talde ezagunaren Hemen gaude kantua Zabalaren moldaketan, Manuela Maitia Ismael Yague txistulariaren pieza, Saioa Lizarraldek sortutako Zure Maitasunik gabe kantua Jesus Castillejok egokitua, Andoni Oruesagasti eta Maialen Akizuren Nor, Urretxu-Zumarragako Musika Eskolak sortutako Zubiak batuz eta, kontzertua bukatzeko, ezin bestela izan Urretxun, Iparragirreren Gernikako Arbola joko dute.